Tokiko euskarazko hiru irratik elkarlanari ekin zioten, Sarea izeneko ekimenari, 2000ko lastailaren 2an. Protagonisten aldaketekin bada ere, uhin bidezko irrati elkarlanak aurrera egin du. Sarean ibiltzen diren moduan, elkarrizketan zehar elkarri ziria sartzen ibili dira esatariak. Hainbat hausnarketa partekatu dituzte. Martin, irratian 35 urte beteta, maiatzean jubilatuko da. Dagoeneko eskuz-eskuz lanean ari da bere ordezko izanen den Jon Urtasunekin. Estreinako Sareko solasaldia lastailaren 17an izan zuen Urtasunek.
Zergatik sortu zen 'Sarea'?
Martin. Esan Erraneko Txari Eleta Villabona eta Fermin Gartxitorena izan ziren animatzaileak. Haien irratiaren hasiera zen eta kosta egiten zitzaien indar handia hartzea, zabalduz indar gehiago hartuko zutela eta hango jendeari ere gustatuko litzaiekeela Larraungo eta Sakanako berri jasotzea. Leitzakoek ez zuten orduan sartzea ikusi. Aurretik harremana bagenuen. Gogo eta ilusio handiz hasi ginen.
Zer nolako oihartzuna izan zuen?
M. Basaburuarekin muga egiten dugu eta hango berri gehiago izaten ditugu. Guretako Sakanako berriak entzutea oso polita izan zen. Aralar mendiaren beste aldean gaude, baina askotan ez zen elkarren berri izaten. Ikaragarrizko ideia polita zen gertuko ibarrek harremana horrela izatea. Jendea kontent egoten zen. Ideia ona izan zen. Gainera, gure sorpresa izan zen Argia aldizkariak merezimendu saria eman zigula.
Bidean aldaketak izan dira, ezta?
Unai. Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideendako dirulaguntzak kendu zituen. Udalek bereak babestu zituzten, baina elkarteenak zirenak nahikoa lan zuten eta Esan Erranek jarduna gelditu eta Beleixe Irratia (Guaixe irratia gaur egun) ostiraletan asteko errepasoa egitera pasa zen.
Eneida. Bestalde, 25 urtetan teknologiak sekulako aurrerapena egin du. Hasieran uhin bidezko lotura zen, ondoren hiruko telefono deia izan zen. Eta ordu betez atzetik bost segundoro entzuten zen "pi" zuten dei haiek. Atzeko soinua saihesteko Skype programaren deia bidez harremanetan jartzera pasa ginen. Azkena, eta aurpegiak ikusteko balio diguna, bideo deia da. Martinen udako ordezkapena egin zuen mutiko batek, Jokinek, proposatu zigun. Ordutik lauzpabost urte pasa dira.
U. Hitz egiteko garaian elkar ikusteak izugarri laguntzen du, altxatu edo keinu bat eginez sar zaitezke.
M. Hirurak elkar ikusteaz pozten naiz. Gaur egun irrati askoren emanaldiak irudi bidez ikus daitezke. Baina nik ez nuke Sarea ikusterik nahiko. Irratia ez da irudia. Ikustean irratiak xarma pixka bat galtzen du.
Gaur egun 'Sarea' Aralar, Karrape eta Guaixe irratiek osatzen duzue. Zergatik 'Sarea'?
U. Polita da hainbeste herri biltzen dituen hainbat eskualdeetakoak elkartzea. Halako saio bat egiteak badu garrantzia. Asko eman dezake. Gure inguruan gertatzen denaren berri jasotzea polita da. Halako harreman bat sortzea oso interesgarria eta aberatsa da. Nahiz eta tarteka haserretzen garen.
Noiz zabaltzen duzue 'Sarea'?
E. 11:05ean. Horren bueltan egon beharko genuke. Baina beti gora beherak daude, hasteko eta bukatzeko. Bukatu 12:05 edo 12:20ean bukatzen dugu. Guaixe Irratiak emanaldia solasaldiarekin bukatzen du. Martinek etena egiten du, 13:00etan, atzera antenara bueltatzeko. Eta arazo larrienak Unaik izaten ditu, gauzak lotuta dituelako. Eta batzuetan hankaz gora jartzen zaio.
Zertan datza zuen elkarlan hori?
M. Bospasei gai plazaratzeko ardura hartu nuen. Eta Unai eta Eneidak egunean aipatu beharreko gaiak ere ekartzen dituzte. Niri ez zait gustatzen informazioa bakarrik ematea. Informazioa robot batek ere ematen dizu. Pertsonok dohain gehiago ditugu, eta niri iritzia gustatzen zait, hori praktikan jartzea. Sarean ikusi dut biak ireki behar izan dutela. Eneidak batzuetan esaten du gehiegi ere azaldu behar izaten duela pertsona bezala, sutsu hasten garenean, berotzen garenean.
E. Solasaldian iritzia eman behar izatea suertatzen da. Bakoitzak noraino eman nahi dugun neurtzen dugu. Baina kontua berotzen bada... Beharbada dena eman ere. Gertatzen da ere Unai eta biok asko eman eta zu... Gaia jarri, guri eskatu eta zu heltzea.
M. Kanalean ireki izan naiz beti. Unai hortxe egoten da, kontenplazio moduan, beste batzuetan pixka bat berotzen da.
U. Ez dakit hitza haserretzea den. Batzuetan sutzen gara. Baina behin Martinek esan zigun hori tarteka egiten zuela Sarean saltsa pixka bat jartzeko. Eta gu bitartean kirioak dantzan, sutan jartzen gara. Eta bat-batean: "hori saltsa pixka bat jartzeko zen".
M. Aldi berean esatariak eta tertulia kideak gara. Tertulia guztietan bietara eramaten dute. Zeren denak gauza bera pentsatuko bagenu, entzuleendako oso astuna eta aspergarria litzateke. Entzule bezala saltsa nahi dut.
Solasaldiaz aparte informazio trukea egiten al duzue?
E. Beti. Hitzorduak baldin badaude, solasaldiaren akaberan bateko eta bestekoak kontatzen ditugu. Ostiralean agenda zabalagoa egiten dugu. Niri Irurtzun eta Arakilgo informazioa ematea gustatzen zait, Ziordira joatea baino errazagoa baitute Irurtzunera joatea Larraun, Lekunberri eta Leitzakoek.
Elkarrekin gonbidatuak elkarrizketatzen al dituzue?
U. Azken aldian saiatzen ari gara. Gainera, tarteka, halakoak egitea oso aberatsa da. Astean zehar dauden gaien ingurukoak izaten dira. Interesgarria da. Gainera, gure jolasa ere hasi genuen: Soinuen ehiza. Soinua jartzen dugu eta zer den asmatu behar dute entzuleek. Tarteka parte hartze polita izaten da, motelagoa bestetan. Hala ere, zerbait berrian pentsatzen hasi beharko dugu. Komeni zaigu. Sareak berritzen joan behar du. Atal horiek guztiak beharrezkoak dira. Bestela, aldiro gu bakarrik ordu eta laurdeneko saioa egitea, oso dinamikoa ez bada, pisu izan daiteke. Askotan beldur hori izaten dut.
M. Hori iritsi nahi duzun jendearen arabera. Batzuk esan izan didate: "ez dut egunkaririk ez deus begiratzen. Zuei hiruei entzunez zer gertatzen den bikain informatuta nago". Edozein gairi nahikoa zabalkunde ematen diogu. Nik Basaburuko Esan Erran Irratiaren falta sumatzen dut. Urte askotan gurekin egon direlako, eta gertutasunagatik. Ordu bat emititzen dute eta, oraingoz, ez dute gurekin bat egiterik. Xorroxin, Euskalerria eta Irati irratiak urrun ikusten ditut. Beraien esatarien bidez haien berriak jasotzen ditugu astero Aralarren.
E. Ez da erraza irrati txikiok ordutegia edo emisio edukiak bateratzea.
Entzuleek parte hartzeko aukera dute?
E. Bai, Karrape eta Guaixe irratietako telefono zenbakiak eta gure e-posta helbideak ematen dizkiegu. Zuzenean sar daitezke. Guaixe Irratiko telefono mugikorrera mezuak bidaltzen dizkigute. Amaiurko entzule batek mezu bidez parte hartzen du.
U. Gipuzkoako Pilik ere hots egiten du.
E. Online emititzen dugunez, aukera hori ere baliatzen dute hainbat entzulek.
Zer ematen die elkarlanak zuen irratiei?
E. Gu nahiko juxtu gabiltza, ezin dugu ordu luzez emititu. Bi orduko irratsaioa dugu, eta ordu bat ematen digu Sareak. Gustura etortzen naiz. Solasaldia iristen denerako prest egon behar dut, prentsa irakurrita. Martinek gaiak ekartzen ditu, baina, hala ere, hainbat kontutan jantzi beharra dugu. Nahiz eta batzuetan harrapatzen gaituen. Niri, pertsonalki, gustatzen zait tarte batez Unai eta Martinekin aritzea, nahiz eta gure gorabeherak izaten ditugun. Pertsonalki aberasten nau. Irratsaioa eta Sakana ere. Niri ere jende askok esaten dit: "Jo, Martin, nola zegoen gaur! Zer aipatu dituen!"
U. Sarea eginen ez bagenu, urtean bizpahirutan elkartuko ez bagina, hirurok momentu honetan dugun harremana ez zen horrelakoa izanen. Elkarri pasatako kronika huts batean geldituko litzateke. Ni kalean askotan gelditu naute esanez: "gaur bixi-bixi! Horiek barreak egin ditudanak!" Saltsa pixka bat ematen du.
M. Horren adierazle da baita ere hirurok ados jartzen garela agorrilean oporrak hartzeko. Hiruron artean ordu eta laurdeneko saioa erraz egiten dugu. Hau ez dago galtzerik. Entzuleek ere deskantsu pixka bat ongi hartzen dutela uste dut. Ondoren entzuleak esperoan egoten dira. Bueltatzean esaten dute: "ai zer luze egin zait". Hamabostaldia ongi etortzen zaie, hilabetea, beharbada, gehiegitxo.

Zer nolako entzuleak dituzue?
E. Denetarik. Emakumezko asko. Lanean edo etxean dagoena. Suposatzen dut goizez, zuzenean, entzuten gaituztenak ez direla oso gazte. Guaixe Irratian 14:00etan berriro emititzen dugu saioa. Gazteagoak direnak esan izan didate orduan entzun izan dutela, autoan, lanetik bueltan edo lanera doazela.
Tokiko irratiek zein funtzio dute?
U. Karrape Irratiaren sorreran zenbait helburu argi utzi ziren. Leitza herri euskalduna, arnasgunea izanda, ardatza, euskara bera da. Euskarazko komunikabidea da, euskararen normalizazioan lan eginen zuena. Bertako informazioa zabaltzeko aukera ematea. Bertako eragileei eta taldeei ahotsa emateko aukera eskaini behar die, bozgorailua. Urte hauetan guztietan lortu da. Hemendik eragile asko pasatzen dira, kolaboratzaile edo elkarrizketatu gisa. Euskara hutsean emititzen dugu. Izan zen tentaldirik gaztelaniaz ere emititzeko. Baina ez. Gauden lekuan gaude. Gure hizkuntzan naturaltasunez aritzen gara. Eta euskaraz izanen da. Hiru ordu eta erdiko saioa egiten dugu astegunetan. Entzuleei gertatzen zaie, falta denean sumatzen dute. Gure entzuleek adierazi izan digute. Tximistak antena jo eta irratia akabo. "Zer pasatzen da? Irratirik ez dugu?" Segituan hots egiten hasten dira. Nahikoa urte dira eta gure irratiok nahikoa errotuta daude.
E. 25 urte pasata, gero eta jende gehiagok daki euskaraz eta irratian aukera gehiago ditugu. Hizkuntzaren normalizazioaren bidean, bakoitzak bere esparruan, guztiak zerbait egitearen adierazle ere bada hori.
M. Hasiera hartan hemen hori oso nabarmena zen. Lekunberrin euskara oso galduta zegoen. Belaunaldi oso batek ez zuen batere egiten. Horretan saiatu ziren eta lortu zuten. Lehia handia izan zen hasieran, emanaldiaren erdia gaztelaniaz nahi zuten batzuek. Euskararen aldeko apustu latza egin zuten udalean. Gaztelaniaz nahi zutenei halako kate pila zituztela esaten zieten. Erdi eta erdi hasi balira, euskararekiko galera besterik ez luke izanen. Asmatu zuten. Jende pilo bat gehiagok egiten du euskaraz. Lekunberrin euskaraz %70ek egiten du, eta garai batean %25ean izanen zen. Guk ekarpen handia edo txikia eginen dugu, baina hor dago.
U. Gurea ale txikia izanen da, baina gure hizkuntzak ale txiki guztiak behar ditu aurrerantzean ere.
Irratiak ba al du etorkizunik?
U. Nire buruari askotan egin diodan galdera da. Ez dakit erantzuten irratiak zer etorkizun izanen duen. Jarraituko du. Segur aski gauza asko aldatuko dira. Teknologia oso azkar doa, batzuetan onerako, besteetan ez. Orain podcast formatua dago pil-pilean. Gazte eta ez hain gazteen artean izugarri funtzionatzen du. Interneteko plataforma eta sare sozialen bidez zabaltzen dira podcastak. Horrek indar handia dauka. Irrati konbentzionalari kendu dio.
E. Irratia egiteko beste modu bat da. 25 urtetan egon den garapena ezagutzen dugu. Ez dakigu zer etorriko den. Orain podacastak eta ikus daitekeen irratia dago. Aldatzen jarraituko du, baina irratia izaten jarraituko du. Beste irrati mota bat, beste modu batez ariko da.
U. Gazteak irrati konbentzionala entzutera ohitzen ez badira, etorkizunean ere ez dute entzunen.
M. Irratia oraindik oso bizirik dago. Duela 40 urte Radio Nacional besterik ez zegoen eta 10 edo 12 milioi entzule zituen. Oraingo kate komertzialek 1, 2 edo 3 milioi entzule dituzte. Jendeak irratia entzuten jarraitzen du. Konpetentzia handia dago. Nik askoz okerrago ikusten dut prentsa idatzia. 30 urtetik beherako inork ez du egunkarik erosten kioskoan. Ni irrati zalea naiz, ezin naiz etxean egon irratia jarri gabe. Niretako da aberatsa, bikaina eta sekula amaituko ez dena.
Irratiez
Aralar Irratia
Noiztik: 1991-05-02.
Norena: Lekunberriko Udala.
Estudioa: Lekunberrin.
Eremua: Lekunberri, Larraun eta Araitz-Betelu.
Esataria: Martin Juanena Berekoetxea.
Zuzenean: 10:30-14:30.
Entzungai: FM 107,1.
Harremanetarako: 948 60 45 03 aralarirratia@yahoo.es.
Karrape Irratia
Noiztik: 1993.
Norena: Leitzako Udala.
Estudioa: Leitzan.
Eremua: Leitza eta Areso.
Esataria: Unai Zabaleta Alduntzin.
Zuzenean: 10:30-14:00.
Entzungai: FM 107,8 eta Leitza.eus.
Harremanetarako: 948 610 914 eta karrapeirratia@gmail.com.
Guaixe Irratia
Noiztik: 1999-05-03.
Norena: Guaixe fundazioa.
Estudioa: Etxarri Aranatz.
Eremua: Sakana.
Esataria: Eneida Carreño Mundiñano.
Zuzenean: 10:00-12:00. Birremisioa: 14:00-16:00
Entzungai: FM 107,3 edo guaixe.eus.
Harremanetarako: 948 567 074 edo 661 52 32 45 eta irratia@guaixe.eus.

