Duela bi urte eta erdiko irudia errepikatu zen Altsasuko udaletxearen parean ostiralean, lastailaren 24an. Herritar mordo bat pediatria zerbitzu duin baten alde. 1,5 pediatra! lelopean kontzentrazioa egingo dute. Deialdia egin duen guraso taldetik azaldu dutenez, "pediatra bat dago. Eta bi astetik behin, astelehenetan, Larraundik etortzen den beste bat. Ondorioz, haur batzuek egunero dute zerbitzua eskura, baina beste batzuek, berriz, hilean pare bat aldiz baino ez". Altsasuko osasun eskualdean 1.200 haur inguru daude. Osasunbidearen ratioen arabera haur horiek artatzeko lanaldi osoa eta beste baten erdia beharrezkoak dira, eta pediatra bakoitzak haur kopuru jakin bat hartzen du. "Haurra, esaterako, asteazkenean gaixotzen bada, pediatrak berea ez den kupokorik ez du hartzen eta, beraz, Iruñera joan behar dugu umearendako osasun arreta jasotzera", azaldu du gurasoetako batek. Protestako deitzaileek gaineratu dutenez, "horri gehitu behar zaio hitzordua lortzea askotan odisea bihurtzen dela, eta lortuta ere, jasotzen den arreta ez dela beti behar bezain egokia". Jakin dutenez, dagoen pediatrak leku aldaketa eskatu du. Eta, apika, pediatria zerbitzurik gabe gera daitezke Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia aurki.
Haserrea antolatu
Gurasoek kuadrilletan, familian eta tabernetan pediatria zerbitzuaren egoeraz hitz egin eta haserrea partekatu izan dute. Azkenean, antolatu beharra zegoela ikusita, estalpean batzar irekira deitu zuten lastailaren 16rako. Gaiarekin kezkatutako 50 guraso, pentsiodun eta herritar elkartu ziren. Esperientziak, kexak eta proposamenak partekatu zituzten. Eta elkarlanean erabaki zuten hurrengo lau ostiraletan protesta bilkurak egitea.
Gainera, osasun etxean erreklamazioak aurkezteko idatzia prestatu eta zabaldu dute gaztelaniaz, arabieraz eta euskaraz. Osasunbideko arduradunei "ez dagoela beharrezko baliabide pediatrikorik" gaztigatzen diote, eta "txikien osasun laguntza egokia bermatzea" eskatzen diote.
Sustatzaileek gogoratu dutenez, pediatria zerbitzu duinaren aldeko protestak egiten hasi ziren 2023ko otsailaren 24an. "Herritarrek borrokatu behar izan zuten zerbitzu duin baten alde, eta eskubide batzuk lortu baziren ere, urteak pasa ahala egoerak atzera egin du". Deitzaileek nabarmendu dutenez, "kalitatezko pediatria zerbitzua merezi dugu. Gure seme alaben osasuna eta ongizatea ezin direlako bigarren mailan geratu".