Pilota

Bakaikoa aukerarik gabe, inork nahi ez duen moduan

Maider Betelu Ganboa 2025ko urr. 24a, 11:00

Joanes Bakaikoa. BAIKO

Altuna lesionatuta dago eta ez du Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako hirugarren jardunaldia jokatuko. Bakaikoak, nahiz eta urriaren 26an Peña irabazi, ezingo luke tanteoan Zabala gainditu eta errioxarra da finalerdietara pasako dena

Urriaren 22ko Esku Pilota Enpresen Ligako (EPEL) oharrak Lau eta Erdiko Txapelketa hankaz gora jarri zuen. Jokin Altuna pilotariak tendinopatia muskularra duela, eta Aspe Pelota enpresako zerbitzu medikuen iritziz, "ez dago asteburu honetan jokatzeko moduan", hala jakinarazi zuen EPEL-ek. Txapelketako araudian jasotzen denez, "pilotari batek ezin badu jokatu final laurdenetako liga fasea osatzen duten hiru jardunaldietako bat, partida horretan 22-0ko emaitza zenbatuko zaio bere aurka jokatu beharko lukeenari". Eta araudia aplikatu du EPEL-ek.

A multzoan Jokin Altunak finalerdietako txartela du, ligaxkan Javi Zabala errioxarra eta Joanes Bakaikoa etxarriarra mendean hartu eta gero. Larunbatean Zabala izan behar zuen aurkari, baina ezingo duenez jokatu, 0-22ko garaipena eman diote Zabalari, eta errioxarrak bere bigarren puntua lortu du. Araudiaren ezarpenak sekulako eragina izan du final laurdenetako ligaxkan, Joanes Bakaikoak, puntu batekin, nahiz eta urriaren 26an Bilbon Peña mendean hartu, ezingo duelako Zabala gainditu, tanteoarengatik. Beraz, Zabalak lortu du finalerdietarako txartela. Inork nahi ez duen moduan finalerdiko txartelarik gabe geratu da etxarriarra. 

Ezkurdia, finalerdietan
B multzoan Joseba Ezkurdiak finalerdietako txartela du esku artean, orain arteko ligaxkako bi partidetan Larrazabal eta Erik Jaka mendean hartu eta gero. Aurrelari arbizuarrak Peio Etxeberria izango du aurkari gaur, ostirala, Elizondon. Finalerdietako beste txartela Jakak edo Etxeberriak lortuko dute.

Iñigo Aritza txapelketa, martxan

Iñigo Aritzak antolatuta, urriaren 26an abiatuko da XXVI. Iñigo Aritza Pilota Txapelketa, Altsasuko Burunda pilotalekuan, 16:00etan. Ikasleen artean pilota sustatzea da helburua.