Bueltan da 'Arnasetik' bideo sormen lehiaketa

Guaixe 2025ko urr. 24a, 09:36

Aurreko urteko sarituak. UTZITAKOA

Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Bakaikuko 10 eta 16 urte arteko gaztetxoek parte har dezakete. Adinaren araberako lau maila daude.

Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketa antolatu laugarren aldiz. Lehiaketa 10 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Hartan parte har dezakete euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek eta arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek. Banaka edo lagunartean egin dezakete bideosormena. Parte hartzaileen egitekoa da egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.

Aurreko edizioetan bezala, Arnasetik lehiaketaren aurtengo edizioa ere adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. Esaterako, LH 5. eta 6. mailetako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte. Bestetik, DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak Arnasgune batean sartzeko casting batera aurkeztuko dira eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu beharko dute, haien herria uztekotan, zer sumatuko zuten gehien faltan.

Bideosormen lehiaketak lau sari banatuko ditu, maila bakoitzeko bana eta publikoaren saria. Sari bakoitza 500 euroko opari-bonua da. Bonuak honako hauetan gastatu ahal izango dira: IrisarriLanden, Durangoko Azokan, EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandisingean, Gure Zirkuan, ikas-bidaian etab. Gazteek aukera dute haien lanak lastailaren 31ra arte bidaltzeko arnasagara.eus webgunera. Sari banaketa Leitzako Herri Aretoan izango da, azaroaren 27an. Bertan kategoria bakoitzeko irabazleen lanak proiektatu eta sariak banatuko dira sorpresaz beteriko ekitaldi dibertigarri batean.

Antolatzaileak
Arnasa Gara ekimena UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko. Lehiaketaren helburua da gazteen artean sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta piztea. 2024ko edizioan 260 lan jaso zituen ekimenak eta 4.200 bototik gora.