Etxarriko osasun etxea gaueko larrialdi zerbitzurik gabe geldi daitekeela dio UPNk

Guaixe 2025ko urr. 24a, 11:34

Leticia San Martin, parlamentuko batzorde batean. NAFARROAKO PARLAMENTUA

Horrela jasotzen omen da landa larrialdien berrantolaketari buruzko lehen zirriborroan.

Osasun Departamentuak landa eremuko premiazko arreta eredua aldatzeko asmoa du eta lehen zirriborro bat aurkeztu du. UPNren parlamentuko osasun arloko bozeramaile Leticia San Martinek salatu duenez, "93.000 nafar baino gehiago bizi diren 195 udalerritan, osasun zentroko premiazko osasun arreta galduko dute gaueko ordutegian, eta, arratsalde batzuetan, departamentuaren landa larrialdiak berrantolatzeko plana aurrera ateraz gero ere". San Martinek jakinarazi duenez, gaueko larrialdi zerbitzuak ixtea aurreikusiko litzakeen hamaika osasun etxeetako bat Etxarri Aranazkoa litzateke. Osasun etxe horren ardura da Lakuntza eta Urdiain bitarteko populazioaren osasuna. 

Parlamentari erregionalistak adierazi duenez, "berrantolaketa hori aurrera eramaten bada, milaka nafarrek kilometro gehiago egin beharko dituzte eta denbora gehiago beharko dute, larrialdi mediko batean artatuak izateko". San Martinek gaineratu duenez, "batez ere, landa eremuarekiko diskriminazioaz ari gara, herri txikietan bizitzea erabaki dutenekiko diskriminazioaz, hirietan bizi direnen osasun publiko eta kalitatezkoa izateko eskubide bera dutenekiko diskriminazioaz".

Horren harira UPNkoak, "ezkutuko osasun-murrizketa bat" errefusatu du, "neurri horrekin lehen arretako medikuak gehiago izanen direlako ideia saldu nahi dute". UPNko parlamentariaren iritziz, "errealitatea bestelakoa da, gobernuak landa larrialdiak ixtea planteatzen du, ez da gai gure Foru Komunitatea erakargarri egiteko familia medikuak etor daitezen. Benetako konponbideak bilatu beharrean, esate baterako, lan baldintza hobeak, pizgarri egokiak edo profesio egonkortasuna, nahiago dute hamaika osasun etxe gaueko zerbitzurik gabe uzten duen zirriborro bat egin", baieztatu du.

UPNren proposamenak
Leticia San Martinek aurreratu duenez, UPNk "landa eremuko larrialdi gune guztiak zabalik mantentzea" proposatu du, "egunez eta gauez". Gainera, "profesionalen defizitari benetako irtenbideak bilatzearen" alde egin du, "baldintza erakargarriagoak eskaintzen dituzten beste erkidego batzuetan egiten ari diren bezala", eta "profesionalekin eta kaltetutako herriekin elkarrizketa" izatearen alde egin du.

Azkenik, argi utzi du "Osasun Departamentuak landa larrialdiak berrantolatzeko plan hau aurrera eramaten badu, aurrean izango gaituzte. Arreta puntuak ixten saiatzen badira, gure alderdiaren oposizioa ez ezik, kaltetutako herri guztiena ere izango dute".