Plazaolako turismo kudeaketa eredua ezagutu dute Extremaduratik etorritakoek

Guaixe 2025ko urr. 24a, 11:43

Extremaduratik etorritako turismo eragileak santutegiko atean. UTZITAKOA

Extremaduratik 35 pertsona etorri ziren, tartean zeuden turismoko diputatua, Caceresko Diputazioko ordezkariak, alkate eta turismo teknikariak, elkarteak eta sektoreko enpresariak. Eskualdeko natura, kultura eta gastronomia baliabideak ezagutu zituzten. 

Extremadurako Sierra de Gata eta Las Hurdes eskualdeetako Turismo Jasangarriaren eta Sustapenaren Elkarteko ordezkaritza Plazaola-Mendialdeako lurraldean bisitan izan zen lastailaren 14an eta 15ean. Plazaola turismo partzuergoak antolatutako egonaldia izan zen eta bisitariek partzuergoaren kudeaketa publiko-pribatuaren eredua ezagutzeko, haienarekin alderatzeko eta ikasteko aukera izan zuten. 

Programak lan-bilerak, bisita teknikoak eta esperientzia praktikoak izan zituen, turismoaren sustapenean, jasangarritasunean, berrikuntzan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarrituta. Bisitatutako hainbat baliabide turistikoen artean Sakanakoak ere izan ziren. Alde batetik, Plazaola bide berdearen zati batean ibiltzeko aukera izan zuten. Bestetik, Alfontso Gartziandiak Aralarko santutegiaren berri eman zien. Eta, bukatzeko, Etxeberriko Lacturale enpresa bisitatu zuten.

Plazaola turismo partzuergoak bisitaren oso balorazio ona egin du, eta eskerrak eman dizkie Sierra de Gata eta Las Hurdes eskualdeetako alkate eta turismo sektoreko profesionalen taldeari bisitagatik, baita egonaldian zehar taldea bero hartu duten tokiko enpresa eta erakunde guztiei ere. Ekintza hori Caceresko Diputazioak finantzatu du, NextGenerationEU Europako funtsen bidez finantzatutako “%100 Kultura eta Identitatea eta Ekoturismoa” izeneko Sierra de Gata – Las Hurdes Turismo Jasangarriaren Planaren barruan.