Lau eta Erdiko final laurdenetako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen asteburuan. Peio Etxeberria edo Jaka, finalerdietarako nor sailkatuko zen zegoen soilik jokoan, Altunaren bajak Zabala automatikoki finalerdietarako sailkatu baitzuen, Joanes Bakaikoaren eta Peñaren kaltetan. Aurretik, Ezkurdia eta Altuna bera dagoeneko finalerdietarako sailkatuak zeuden.
Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria izan zuen aurkari urriaren 24an Elizondon. Etxeberriak finalerdietarako sailkatzea zuen jokoan, eta hasieratik serio hasi zen, kantxan aginduz. Airez bera sartzen zen lehena eta Ezkurdia baino pauso bat aurrerago jokatu zuen. Aurrelari arbizuarrak ez zuen bere benetako maila eman, inondik inora. Ez zirudien azken jardunaldietako pilotaria. Gainera, partida hasieran medikuak masajea egin zion eskumuturrean, eta hortik aurrera ez zitzaion ongi ikusi. Gauzak horrela, Etxeberria tantoak pilatzen hasi zen, eta Ezkurdiak egin zituen gutxietatik batzuk Etxeberriaren akatsak izan ziren. Azkenean, Peio Etxeberriak 22-10 irabazi zuen, erraz gailenduta.
Altunaren bajak sortutakoarengatik, Joanes Bakaikoak eta Jon Ander Peñak Lau eta Erdiko finalerdietara sailkatzeari begira jokoan ezer ez zuen partida jokatu zuten urriaren 26an Bilbon. Hala ere, txapelketa zapore gozoarekin despeditu nahi zuten, eta dena ematera atera ziren. Joanes Bakaikoa aurreratu zen, 0-3, baina Peñak berdintzea eta 9-3 aurretik jartzea lortu zuen. Errematea izan zen bere tresnarik garrantzitsuena bukaerara arte amore ematen ez duen Joanes Bakaikoa mendean hartzeko. 13-7 gerturatu zen etxarriarra, baina Jon Ander Peñak garaipena lortzea, ez zuen besterik buruan, eta errenta garrantzitsua lortu zuen, 20-10. Hala ere, Bakaikoak ez zuen etsi eta 20-14 hurbildu zitzaion. Azkenean, 22-14 gailendu zen Peña II.a. Joanes Bakaikoak agur esan dio A Serieko Lau eta Erdikoari, baina lehenengoz final laurdenetara sailkatuz eta final laurdenetan itxura oso ona eman eta gero.
Finalerdiak
Lau eta Erdiko finalerdiei dagokienez, Joseba Ezkurdiak Javier Zabala izango du aurkari azaroaren 1ean, larunbata, Gasteizko Ogetan, 17:30ean. Aldiz, Jokin Altunaren eta Peio Etxeberriaren arteko finalerdia Donostiako Atano III.ak hartuko du, azaroaren 2an, igandea, 17:30ean.