Turismo irisgarriari buruzko jardunaldia eginen dute Altsasun

Guaixe 2025eko urriaren 27a

Urbasako Morterutxo interpretazio bide ondoko trenbidea. ARTXIBOA

Cederna Garalurrek antolatu du eta Plazaola, Sakana eta Ultzamaldea helmugako Irisgarritasun Planaren baitan kokatzen da.

Nafarroako Mendialdeko turismo sektoreko hainbat eragile eta profesionalek bat eginen dute Altsasuko Iortia kultur gunean, urriaren 29an, asteazkena. Cederna Garalur elkarteak turismo irisgarriari buruz antolatutako jardunaldi batean izanen da. Hitzordua Plazaola-Sakana-Ultzamaldea helmugako Irisgarritasun Planaren barruan kokatzen da. Jardunaldian zehar, irisgarritasun unibertsalak turismoan duen garrantzia jorratuko da, hitzaldi, mahai inguru eta lankidetza dinamiken bidez. Gainera Plazaola, Sakana eta Ultzamaldeako Irisgarritasunaren aldeko Ituna deituriko sorkuntza tailerra egingo da, helmuga turistiko inklusiboagoak eta iraunkorragoak lortzeko konpromiso kolektiboa bultzatzeko. 

Ekitaldian zuzeneko azpitituluak eta ZHEko interpretea egonen dira, eta aretoan seinaleztapen kognitiboa egongo da. Izena emateko epea urriaren 28an, asteartean, itxiko da. Interesa duenak Cederna Garalurren sare sozialetan elkarbanatu duten esteka baten bidez eman dezake izena. Cederna Garalurrek sustatuko jardunaldiak Europar Batasunak finantzatutako NextGenerationEU programaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago. 

Turismo irisgarriari buruzko jardunaldia

10:00-10:20 Ongi etorria eta irekiera ofiziala Alberto Ecay-en, Nafarroako Gobernuko Turismoaren Lurralde Garapen Jasangarriko Zerbitzuaren Zuzendariaren, eta Arantxa Arregiren, Cederna Garalur Elkartearen zuzendariaren, eskutik.

10:20-11:00 Jakintza espazioa: hitzaldiak.
Henar Pascual: Irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztientzako diseinua. Profesional independentea irisgarritasun unibertsalean, eta aditua pertsona guztientzako informazio eta komunikazioprozesuetan.
Jon Ibarra: turismo irisgarriaren kasu arrakastatsuak. Puntodiseko zuzendari nagusia eta Turismo Irisgarritasunean nazioarteko aditua.

11:00-11:40 Sektore anitzeko mahai ingurua turismo irisgarriarekin lotutako lurraldeko eragileen ordezkariekin.

11:40-12:00 Kaferako etenaldia.

12:00-12:40 Esperientzia murgiltzaileen laborategia.

12:40-13:40 Elkarlaneko kolaborazio tailerra: Plazaola-Sakana-Ultzamaldeako Irisgarritasunaren aldeko Ituna.

13:40-14:00 Itxiera eta konpromisoa.