Etxarri Aranatzek Mutilvera C izan zuen aurkari Iruñerrian. Etxeko taldea aurreratu zen 16. minutuan, baina Ioseba Bakaikoak zuzentzen duen taldeak berehala erantzun zuen. 22. minutuan Oinatz Carreñok berdinketaren gola sartu zuen, eta 5 minutu beranduago Carreñok bigarrena sartu zuen, Etxarri Aranatz 1-2 aurreratuz. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina 55. minutuan Jon Erdoziaren golak partida nahiko erabakita utzi zuen. Partida bukatzear zela, 89. minutuan Aimar Lizarragak laugarrena sartu zuen, eta 1-4 irabazita itzuli ziren etxarriarrak.
Aldiz, Lagun Artea punturik gabe itzuli zen OPUS-eko unibertsitatean Universidad de Navarraren kontra jokatutako partidatik. Hasieran bi taldeak nor baino nor hasi ziren; 20. minutuan Universidadek gola sartu zuen, baina 2 minutu beranduago bana berdindu zuen Gorka Egurzak. Atsedenaldia heltzear zela, 45. minutuan Universidadek bigarrena sartu zuen eta 2-1eko aldearekin iritsi zen etenaldira. Egoera gehiago okertzeko, bigarren zatia hasi eta berehala hirugarren gola sartu zuen Universidadek. Lagun Arteak ez zuen etsi eta 67. minutuan Maurice Gomisek Lagun Artea 4-2 gerturatu zuen. Baina gutxi iraun zuen pozak, Universidadek bosgarrena sartu zuelako. Azkenean, 5-2 galduta itzuli zen Lagun Artea Lakuntzara.
Asteburuan, atseden
Kirol Sport taldea da erregional mailako bosgarren multzoko liderra (16 puntu), Universidad de Navarraren aurretik (12 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (12 puntu), eta Lagun Artea zazpigarren postuan dago (8 puntu). Asteburu honetan ez dago jardunaldirik. Azaroaren bigarren asteburuan Etxarri Aranatzek sailkapenean bederatzigarren den San Jorge B izango du aurkari San Jorgen, eta Lagun Arteak sailkapenean bosgarren den Leitzako Aurrera hartuko du Zelai Berrin.