dalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dira Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Bakaikuko udalak. Bost udal horiek euskararen erabilera sustatzeko estrategia plan bana eginen dute, 2025 eta 2029 urteen artean indarrean izanen dena. Horretarako Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eta Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuko teknikarien laguntza izanen dute. Herri mailan euskararen egoera hobetzeko zer pauso eman behar diren zehaztuko dute.
Planean udalaren, herritarren eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen irizpideak jasoko dira. Lau urteko iraupena izanen du planak, baina urtez urte kudeaketa plan bat eginen da, lau urteko ikuspegi estrategikoaren baitan urtez urteko helburuak, arduradunak, epeak, neurriak eta baliabideak zehaztuta. Jakina, udalbatzek planak onartutakoan, denek bete beharko dituzte bertan jasotzen diren irizpideak.
Parte hartzea
Herri bakoitzean euskararen estrategia planaren jarraipen batzorde bana osatu dute udaleko euskara zinegotziak eta bi erakundeetako teknikariek. Teknikariek emanen duten aurreneko pausoa da udaleko kideei eta langileei galdetegi bat pasatzea. Handik jasotako erantzunekin planaren oinarri bat prestatu dute teknikariek.
Baina hura osatzeko herritarren ekarpenak jaso nahiko dituzte, plangintza partekatua izateko. Herritarrek planari ekarpenak egiteko bi modu aurreikusi dituzte. Alde batetik, herritarrek erantzun beharreko galdetegi labur bat zabalduko dute. Hura online edo paperean idatziz erantzuteko aukera izanen da. Azkenekoa baliatzen duenak udaletxean utzi beharko du erantzundako galdetegia. Galdetegi horrek herritarren euskararekiko kezkak jasotzea du helburu, plangintzaren oinarriarekin kontrastatu ahal izateko.
Udalen euskararen erabilera sustatzeko estrategia planak aberasteko asmoz, gutxienez Lakuntzan, Arbizun eta Etxarri Aranatzen saio irekiak eginen dira. Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatuko dituzte. Izan ere, herri bakoitzean euskarak duen egoeraren diagnosia aurkeztuko dute saio horietan. Eta, horrekin batera, galdetegietako emaitzen berri emanen dute. Saioak talde dinamika batekin despedituko dira. Dinamika horien bidez herri bakoitzerako lehentasunak markatuko dira.
Dagoeneko hiru herritako saio irekien datak zehaztuta dituzte udal ordezkariek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko eta Euskara Zerbitzuko teknikariek. Lehendabizikoa Arbizun izanen da, azaroaren 12an, 18:00etan. Hurrena Etxarri Aranatzen, azaroaren 17an, 18:00etan. Eta, oraingoz aurreikusitako atzeneko saio irekia Lakuntzan eginen da azaroaren 27an, 18:30ean.
Erritmo desberdinak
Euskararen estrategia planak egiterakoan udal bakoitzak bere erritmoa du. Esaterako, hala nahi zuten lakuntzarrek eta arbizuarrek galdetegia erantzun dute dagoeneko, epea lastailaren 10ean eta 13an despeditu baitzen, hurrenez hurren. Etxarriarrek, berriz, galdetegia erantzuteko azaroaren 2ra arteko epea zuten.
Bestetik, arbazuarrek galdetegian erantzuten dutenaren arabera saio irekia eginen da edo ez Arruazun. Izan ere, galdetegian saio irekian parte hartuko luketen galdetuko baitzaie arbazuarrei. Azkenik, Bakaikun euskararen plan estrategikoarekin zer pauso eman aztertzen ari dira udal arduradunak.