Joan zen astean zehar sakandar bat baino gehiago baratzera bisitan joan zen han zeuden loreak zer moduz zeuden ikustera. Haizeak edo euriak kaltetu ote zituen jakiteko. Lore dendetan eta azokako loreen postuetan ere jendea aurrera eta atzera ibili zen. Batzuen eta besteen helburua bera izan zen: azaroko aurreneko egunerako, Domu Santu Egunerako, kanpo santura eramateko loreak izatea. Krisantemoak, arrosak, tulipanak, margaritak… mota guztietako loreak eraman dituzte sakandarrek kanpo santuetara.
Lore bila egindako joan-etorriez aparte, makina bat sakandar pasa ziren hilerrietatik aurreko egunetan. Panteoi, hilobi, horma-hobi edo kolunbarioetako hilarriak garbitu eta inguruak behar bezala txukuntzeko lan egunak baitziren aurrekoak. Ur pertza, zapia, aitzurra eta bestelako tresnak erabili zituzten horretarako.
Domu Santu Eguna larunbata izanda, kanpo santuetan asteburu guztian mugimendu handia izan zen. Eta norberaren agendaren arabera batzuk kanpo santuko bisita aurreratu edo atzeratuko zuten. Horrek asteburu guztian aparteko animazioa egotea ekarri zuen. Han lur emanda dauden senide, lagun eta maiteekin gogoratzeko egun berezi horretan bada nahiago duena bakarrik joan. Beste batzuk bikotearekin edo senideekin joateko ohitura dute. Eta bada eguneko pilaketetatik ihes egin eta urteko edozein egunetan joaten denik ere. Gertuko hildakoaren egun seinalatuetan izaten da batez ere. Baina hilerrietatik kanpo ere lore sortak ikusi dira, errepide bazterretan esaterako.