Lurralde inklusiboagoa, jasangarriagoa eta pertsona guztiendako irekia eraikitzeko asmo du Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Irisgarritasun Planak. Cederna Garalurrek antolatutako jardunaldian desgaitasuna duten pertsonen elkarteetako ordezkariak, udaletan tokiko garapenaz arduratzen diren alkate eta zinegotziak, turismo teknikariak, turismoko profesionalak eta sakandarrak izan ziren.
Virginia Real Gaya.
Zer da turismo irisgarria?
Pertsona guztiek turismo baliabideak, inguruneak edo espazioak erabili ahal izatea. Eta sektore pribatua ere egokituta egotea, edo egokitzeko pausoak ematea. Bereziki irisgarritasun premiak dituzten pertsonendako da: desgaitasuna duten pertsonak edo senior turismoa. Baina ez da bakarrik datozenendako, turismo irisgarria bertakoek ere goza dezakete.
Desgaitasun mota ugari daude.
Hala da, desgaitasunen bat izan ditzaketen pertsonen premiak ugariak dira. Izan ere, ikusmen edo entzumen urritasuna dutenak daude, kognizio desgaitasuna dutenak eta desgaitasun fisiko edo organikoa dutenak.
Irisgarritasunak turismoan zer garrantzi du?
Irisgarritasuna turismoaren zeharkako ardatza da. Kontuan hartzen ez bada, herritarren zati handi bati eskubide horretaz ezin gozatu uzten zaio. Denok dugu aisialdirako eskubidea, kulturarako eskubidea, gure ingurune naturalez gozatzeko eskubidea. Beraz, garrantzitsua da pertsona guztiak baldintza berdinetan hartu ahal izatea, eta diskriminaziorik ez egitea.
Norabide horretan, legerik bada?
Jakina, autonomikoa, estatukoa eta Europako zuzentarau bat indarrean sartu da berriki. Irisgarritasuna eremu askotan derrigorrezkoa da. Esaterako, turismoak nazioarteko UNE ISO arau bat ere badu. Haren bidez turismo irisgarria arautzen da. Hau da, turismo irisgarria ikuspegi askotatik dago araututa.
Guztietara egokitzea irisgarritasun unibertsala litzateke?
Bai. Guztira egokitzea da ingurunea, espazioa edo zerbitzua unibertsalki irisgarria izatea. Hori pixkanaka egiten da. Eta planaren bidez txertatzen goaz edo, gutxienez, gaur egun baliabideen irisgarritasun egoera zein den ezagutuko dugu. Eta prestakuntza ematea, prestakuntza funtsezko zutabea baita ikasi ahal izateko. Ez da bakarrik baliabideetan edo establezimenduetan, edo hoteletan irisgarritasuna txertatzea. Baizik eta irisgarritasun premiak edo desgaitasunen bat duten pertsonak nola artatu... Ildo horretan lan egitea ere garrantzitsua da.
Plana badago, irisgarritasunarekiko sentsibilitatea dagoelako da?
Hala da, bai. Lege eskakizuna izateaz aparte, Plazaola, Ultzamaldea eta Sakanako eskualdeen borondatea ere bada turismo hori bulkatzea. Gainera, turismo jasangarriarekin lerrokatuta dago. Izan ere, jasangarritasunak hiru ardatz ditu: ekonomia, ingurumen eta gizarte jasangarritasuna. Beraz, estrategia desberdinen barruan ildo horretan lan egiteak sentsibilitatearekin du zerikusia. Baina turismo helmuga horiei aniztasun handiagoa eman nahi izatearekin ere zerikusia du. Pertsona guztiak hartzea, ingurumen jasangarritasunaren bat etortzea... Zeren ildo horretan lan egiteak aukera emango baitigu ekonomia iraunkortasuna denboran izatea, sasoikotasuna kentzeko, esaterako. Izan ere, urte osoan zehar bidaiatzen duen turismo mota bat da. Hau da, garai jakin batzuetan turismoa oso pilatuta dauden inguruneetan sasoikotasuna kentzeko modua da.
Eskaintza dibertsifika dezake?
Bai. Hala ere, egokiena da alojamendu bat pertsona ugarik erabili ahal izatea. Desgaitasuna duen pertsona bat ez dadila aldez aurretik telefonoz hotsezka aritu behar, argazkiak jaso behar izatea... Hau da, desgaitasuna duzulako ostatu bat erreserbatzeko ez dezazula ibilbide luzeagoa egin behar. Ostatu batek informazio hori ezarri, komunikatu eta bilatzaileetan jarriko balu, merkatua zabaltzen eta dibertsifikatzen ariko da.
Zer ekintza egingo dituzue?
Teknikariendako eta turismo arloko establezimenduetako arduradunendako prestakuntza saioak. Autodiagnosirako tresnak ere eramango dira turismoari lotutako establezimendu edo jardueretarako, baita bidezidorretarako eta Plazaola bide berderako ere. Ondoren, jasotako informazio guztiarekin turismo baliabide irisgarrien katalogo bat egingo dugu. Eta produktu irisgarri bat aterako da.
Irisgarritasunaren aldeko Ituna?
Jardunaldian sortu genuen. Lurraldean ditugun erronkak eta horiek gainditzeko epe motz eta ertainera zein helburu jarri ditugun jasoa dago. Hainbat konpromiso jaso ditu. Ibilbide orri bat da lurraldeko establezimenduak eta pertsonak ildo horretara bideratzeko edo konprometitzeko. Beste eskualde batzuetan ere irisgarritasuna lantzen ari dira eta foru gobernuari asko interesatzen zaio guztiak lerrokatzea. Beraz, itun hau beste toki batzuetan errepika daiteke.