Nazio Batuen Erakundeak lastailaren 29a Zaintzaren eta Laguntzaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen 2023an. Hori dela eta, Sakanako Mankomunitatearen eta Altsasuko Udalaren Berdintasun Zerbitzuek, Sakanako zaintza diagnosia egin duen Emaginek, Teknoadineko programa sustatzen duten ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateek eta Teknoadineko garatzen duen Garaian kooperatibak elkarrekin oharra argitaratu dute. Sinatzaileek adierazi dutenez, "Sakanan zaintza premia soziala ez ezik, erronka kolektibo handia ere bada". Idatziaren bidez, sinatzaileek eguna baliatu zuten "zaintzak gure gizartean duen garrantzia azpimarratzeko". Adierazi zutenez, "gure konpromisoa irmoa da: zaintza erdigunean jartzea, politika publikoetan, komunitatean eta eguneroko praktikan".
Hiru puntu nabarmendu zituzten. Lehen-lehenik argi utzi nahi izan zuten "zaintza bizitzaren oinarria dela, eta guztiok behar dugula zaintza bizitzako etapa guztietan. Elkar-menpekotasuna gure eguneroko bizitzaren parte da, eta ezin dugu zaintza salbuespen gisa ulertu". Idatzia sinatu zutenek nabarmendu zutenez, "zaintza lanek gizarte osoaren bizitzari, osasunari eta ongizateari eusten diote. Hala ere, gaur egun zaintza lanen ardura nagusiki emakumeek, emakume migratzaileek eta familiek hartzen dute, askotan modu ikusezinean eta merezi duten aitortzarik gabe", gaztigatu zuten.
Horrekin batera, sinatzaileek zaintzaileen lana aitortu nahi izan zuten. "Profesionalak, senideak, lagunak eta komunitateak, egunerokoan beste pertsona batzuen bizitza duintzen dutenak dira". Aldi berean, azpimarratu zutenez, "zaintza sistema berri bat eraikitzea guztion ardura da; instituzioena ere bai, jakina". Bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu adierazi zuten.
Idatziaren sinatzaileek "komunitateak zaintzan duen funtsezko rola" azpimarratu zuten. "Harreman sareek, konfiantzak eta elkartasunak bizitza sostengatzen dute. Komunitateak ez dira perfektuak, baina haien inperfekzioetatik abiatuta, egiturazko bidegabekeriei aurre egiteko gaitasuna dute". Gaztigatu zutenez, "indibidualtasunak eta batzuen eta besteen arteko desberdintasunek gero eta leku gehiago lapurtzen diguten une honetan, uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela prozesu komunitarioak sustatzea, zaintzaren ardura demokratizatzeko eta baliabideak modu bidezkoan banatzeko".