Bi urtetik behin Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak ibarreko kirolari eta taldeak saritzen ditu, "gure ibarreko kirolarien eta taldeen lana aitortu eta balioan jartzeko helburuarekin", Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak azaldu duenez. Aurten, zehazki, 2024 eta 2025ko Sakanako kirolari onenak aukeratu eta sarituko dira. Baina aukeraketa prozesurako laguntza eskatu du Mank-ek. Horrela, sakandar guztiei, kirol elkarteei, erakundeei, ikastetxeei zein norbanakoei proposamenak bidaltzeko deia egin die. “Zenbat eta proposamen gehiago jaso, orduan eta aukera gehiago izango dituzte kirolari guztiek aukeratuak izateko” azaldu dute kirol zerbitzutik.
Sariak
Ondoko sariak banatuko ditu Sakanako Mankomunitateak: 2024-2025eko 35 urte baino gehiagoko Sakanako kirolaririk onenak, gizonak eta emakumeak; 18 eta 35 urte bitarteko kirolaririk onenak; 18 urtetik beherako kirolaririk onenak; Sakanako kirol talderik onena eta euskara gehien bulkatu duen taldea. Horretaz gain, epai mahaiak, hala erabakitzen badu, bi aipamen berezi eman ditzake, pertsona, klub edo entitate horiei kirolean egindako lanari aitortza eginez.
Sari emate ekitaldia abenduaren 12an izango da, Irurtzungo kultur etxean.
Azaroaren 24a baino lehen
Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 24ko 12:00ak baino lehen, Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan (683 343 854, kirolak@sakana-mank.eus). Horretaz gain, Irurtzungo kultur etxean eta Altsasuko Kirol Zerbitzuan aurkeztu daitezke proposamenak ere bai, beti ere hautagaien curriculuma gaineratuz. Aurten lehenengoz online aurkez daiteke proposamena, Mank-en webgunean eskuragai dagoen galdetegia sakatuz.