Astekaria

Iñaki Mujika, Salto 15K podiumaren gorenean

Maider Betelu Ganboa 2025eko azaroaren 3a

Iñaki Mujika, podiumaren gorenean. UTZITAKOA

Donostiako Salto 15 K probako hand bike modalitatean txapelduna izan zen altsasuarra. Irristaketa eta atletismo modalitateetan sakandarrak primeran aritu ziren ere bai

Urriaren 26an 28. Salto 15K lasterketa jokatu zen Donostian. 25 herrialdeetako 3.900 korrikalari, irristalari eta hand bike txirrindulari lehiatu ziren, primerako giroan, tartean sakandar asko. 

Hand bike modalitatean Iñaki Mujika altsasuarrak osatu zituen azkarrenen probaren 15 kilometroak (28:31), Jon Galarragari 2 segundo aterata (28:33). Podiumean pozarren zegoen altsasuarra, egun bikaina pasatu eta taldekideekin ospatzeko gogotsu. 

Irristaketan ederki aritu ziren sakandarrak baita ere. David Gonzalo uharte arakildarra izan zen sakandar azkarrena, helmugan zortzigarren (29:27), bederatzigarren postuan Ioritz Marques altsasuarra zuela (30:21). Nesketan Eneritz Fresneda 18. eta Elaia Agirre 19. iritsi ziren helmugara, denbora berean (36:36). 

Korrikako proban bi distantzia zeuden. 15 kilometrokoan Igor Maiza (1:05:08, 501. postua) eta Karmele Araña (1:31:11, 746. postua) izan ziren lehen sakandarrak, eta 5 kilometrokoan Juan Luis Maiza (18:16) eta Amaia Aristu (23:52), biak 25. postuan.