Urriaren 26an Los Arcosen jokatutako saioarekin amaitu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen fasea. Joanes Illarregik lortu zuen puntuazio gehien (361,5), saioa irabaziz eta, beraz, hurrengo faserako txartel zuzena lortuz. Lehen fasean lortutako puntuazioaren arabera hurrengo fasera sailkatu diren hemezortzi bertsolarien zerrenda osatu zen: Xabat Illarregi, Joanes Illarregi, Eneko Lazkoz, Julio Soto, Endika Legarra, Saioa Alkaiza, Mikel Lasarte, Sarai Robles, Josu Sanjurjo, Ekain Algre, Kattin Madariaga, Ekhiñe Zapiain, Saats Karasatorre, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Xabi Maia, Jabi Lezaun eta Eki Mateorena. Saats Karasatorrek uko egin dio txapelketari eta Patxi Castillok osatuko du zerrenda.
Ekain Alegre altsasuarrak Los Arcosen kantatu zuen, 332,5 puntu lortu zituen, eta finalaurrekoetan izanen da. "Orokorrean saioa ongi, niru burua nahiko kokatuta ikusi nuen; batzuetan zaila da kontzentrazio hori lortzea, baina nahiko lasai joan nintzen". Nahi zuena esatea edo "gauzak" esan zituela azaldu du bertsolari altsasuarrak Guaixe Irratian: "Teknikoki hobetu beharreko gauzak daude edo ez direla perfektuak izan, baina hori beti gertatzen da; gehiago txapelketa batean zuzentasun extremo batez egitea eskatzen denean. Baina behintzat gauzak esan nituen".
Ofizioetan "ongi" aritu zen, "erantzuten", eta batez ere zortziko txikiarekin gustura gelditu zela esan du: "Uste dut publikoarekin konektatzea lortu nuela. Saioan zehar "gauzak aportatzen" saiatu zen. Lehen puntu emanda ere "eroso, lasai" egon zen, "batzuetan nahiko ariketa irristakorra da, hor korte egiten da ongi eta ez hain ongi egitearen artean; nahiko zaila da hor asmatzea". Baina "gutxi gora behera" ongi atera zituen. Bakarkoan ere "ongi, gustura" aritu zen, "ongi ikusi nuen nire burua". Mezua argi utzi zuela edo behintzat gauzak ongi kontatu zituela gaineratu du Alegrek, "gero teknikoki gauza batzuk hobe daitezke, baina mezua eta edukia zaintzen saiatu nintzen".
Finalaurrekoa
Bihar, azaroak 1, larunbata, emanen zaio hasiera Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hurrengo faseari: Finalaurrekoak. Hiru saio izanen dira: bihar, Agoitzen; azaroaren 8an, Leitzan, eta azaroaren 16an, Tafallan. Agoizko saioan Eneko Lazkoz etxarriarrak kantatuko du, lehen faseko lehen saioa irabazita lortutako zuzeneko sailkapenaren ondoren. "Saioa gerutaratzen joan ahala gorputzean urduritasuna nabaritzen hasten da", esan du etxarriarrak Guaixe Irratian. Bertso eskolan eta etxean prestatzen ari da, "gogoekin", hurrengo faseari ekiteko. "Helburu handiak daude jokoan eta egoerak gehiago estutzen du; espero dugu estutze horrek mesede egitea". Lazkozekin Saioa Alkaiza, Julen Zelaieta, Endika Legara, Eki Mateorena eta Ekhiñe Zapiain izanen dira, "polita, bertsotako lagun onak dira".
Azaroaren 16an, finalaurrekoetako hirugarren saioan, Tafallan, ariko da Ekain Alegre. "Hurrengo fasera pasatzearekin pozik nago". Pasatzea helburuetako bat zen altsasuarrendako, "edo behintzat frogatzea txapelketan pasa daitekela". Gogotsu eta espektazioarekin dago altsasuarra, "behintzat gozatu eta gauza bera, gauzak esaten saiatzea. Hortik aurrera datorrena datorrelarekin pozik". Lehenengo saiorako eguna iritsi ahala enfokatu zen eta hurrengo saiorako gauza bera lortu nahi du: "Enfokatuta eta kontzetratuta egotea, hori lortzen badut pozik". Alegrerekin Amaia Elizagoien, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi eta Xabier Maia ariko dira.