Bertako produktuekin lan egiten ikasteko tailer praktikoa antolatu dute

Guaixe 2025ko urr. 30a, 11:42

Utzuganen, Sakanako garapen zentroan izanen da tailerra. ARTXIBOA

Azaroaren 4an, asteartea, elikagaien komertzio txikiari, ostalaritzari eta turismo arloko eragileei zuzendutako prestakuntza antolatu dute.

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Zero Km-ko produktuei buruzko tailerra antolatu du. SGAko arduradunek azaldu dutenez, "gero eta argiago dugu gure inguruko produktuei merezi duten tokia ematea ezinbestekoa dela, ez soilik kalitateagatik edo jasangarritasunagatik, baizik eta bertako ekoizleei bulkada emateko ere". Horrela negozioak "jasangarriagoak, hurbilagoak eta lehiakorragoak" egin daitezkeela azaldu dute. Hala ere, aitortu dute: "askotan ez da erraza hori eguneroko jardunean nola txertatu jakitea". Saioan gertuko ekoizpenaren garrantziaz arituko dira eta tokiko produktuen dastaketa egingo da.

Horretan laguntzeko asmoz, SGAk Marc Badal Pijuanen tailer pratikoa antolatu du. Badalek ikerketa eta agroekologia arloko dinamizazioa uztartzen ditu. Prestakuntza saioan negozioetan bertako produktuak txertatzeko gakoak eta tresnak eskainiko ditu. Parte hartzaileek, esaterako, honakoen inguruan ikasiko dute: bertako produktua zer den eta zer ez den, zer onura izan ditzakeen negozioarendako gertuko produktuekin lan egiteak eta produktu horien ekoizleak eta nola lan egiten duten ezagutzea.

Tailerra Arbizuko industrialdean dagoen Utzugane, Sakanako garapen zentroan izanen da azaroaren 4an, asteartean. Bi ordutegi daude aukeran: 14:30etik 16:30era edo 18:00etatik 20:00etara. Saio bakoitzaren ondoren zizka-mizka izanen da. Saioak egin ondoren, bi ekoizle bertatik bertara bisitatzeko aukera egonen da ere. Tailerrean izena eman nahi duenak 672 688 591 telefono zenbakira hots egin edo idatzi dezake.