Areto futbola

Aralar Mendiren eta Altsasuren arteko derbian, puntu banaketa

Guaixe 2025ko urr. 30a, 11:20

Aralar Mendik eta Altsasuk puntu bana batu zuten Uharte Arakilen.

Uharte Arakilen jokatutako derbiak emozio handia izan zuen

Areto futboleko hirugarren mailan Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuak derbia ekarri zuen. Aralar Mendik Altsasu izan zuen aurkari lehia oso borrokatuan. Partida hasi eta lehenengo minutuetan Altsasu izan zen jaun eta jabe. 4. minuturako 0-3 aurreratu zen Altsasu, Xabier Aiestaran, Aritz Sevilla eta Jon Lopez de Goikoetxearen golekin. Hala ere, uhartearrek ez zuten behera egin, eta gutxika lasaitu eta erantzuten hasi ziren. Jorge Mariñelarenak 9. minutuan Aralar Mendiren lehen gola sartu zuen, eta segidan Mikerl Barberenarena eta Jon Iribarrenena iritsi ziren. 16. minuturako hiruna berdindu zen partida, eta hortik aurrera lehia are gehiago hauspotu zen. Bi taldeak saiatu ziren, baina markagailua ez zen aldatu eta puntu banaketarekin despeditu zen derbia.

Sailkapenean Ribera de Navarra da liderra (12 puntu). Aralar Mendi zortzigarren da (5 puntu) eta Altsasu bederatzigarren (4 puntu). Bosgarren jardunaldian Aralar Mendik Ibararte du aurkari, urriaren 31n, 20:30ean, Zubiriko Esteribar kiroldegian. Aldiz, Altsasuk Berriozarko Mendialdea hartuko du Zelandin azaroaren 1ean, larunbata, 18:00etan.