Areto futbola

Altsasuren bigarren garaipena eta Aralar Mendiren ezina

Guaixe 2025ko aza. 5a, 11:29

Altsasuk gogotsu ospatu zuen denboraldiko bigarren garaipena. ALTSASU KIROL ELKARTEA

Hirugarren mailako seigarren jardunaldiak 3 puntu utzi ditu Sakanan

Hirugarren mailako seigarren jardunaldian Aralar Mendik Zubirin jokatu zuen, Ibararteren kontra. Ibararte topera atera zen eta lehen minutuan aurreratu zen, baina 6 minutu barru bana berdindu zuen Julen Iribarrenek. Lehia oso bizia izan zuten bi taldeek, baina 23. minututik aurrera Ibararte izan zen jaun eta jabe, eta, azkenean, 5-1 irabazi zuen. 

Altsasuk Berriozarko Mendialdea hartu zuen Zelandi kiroldegian. Partida hasi eta berehala Asier Salgadok Altsasuren markagailua mustu zuen, eta 19. minutuan Salgado berak bigarrena sartu zuen. Altsasu partida dominatzen ari zen, eta minutu berberean, 19.ean, Christian Leonek Altsasuren hirugarrena sartu zuen. Altsasuk partida kontrolatzen jarraitu zuen eta 39. minutuan laugarrena sartu zuen Asier Salgadok, hat-trick ederra lortuaz. Altsasuk denboraldiko bigarren garaipena ospatu zuen, gustura. 

Sailkapenean Gazte Berriak da liderra (15 minutu), Ribera de Navarrarekin puntutara berdinduta. Altsasu zazpigarren da (7 puntu) eta Aralar Mendi bederatzigarren (5 puntu). Zazpigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean bosgarren den Ibararte hartuko du azaroaren 9an, 11:00etan, Zelandin. Aralar Mendik, aldiz, Gazte Berriak liderra hartuko du azaroaren 7an, 19:45ean, Uharte Arakilen.