Areto futbola

Arbizuk ez zuen Altsasurekin gupidarik izan

Guaixe 2025ko aza. 5a, 10:31

Arbizuk garaipen sendoa lortu zuen. CANTERA

Gizonezkoen lehen maila autonomikoko seigarren jardunaldiko derbian Arbizu Altsasuren gainetik pasa zen eta Xotak Tafa mendean hartu zuen

Gizonezkoen lehen maila autonomikoko seigarren jardunaldian derbi sakandarra jokatu zen Arbizun. Etxeko taldeak Altsasu hartu zuen, eta partida hasieratik ez zion inolako aukerarik eman. Lehen minutuan Julen Luisek Arbizuren markagailua mustu zuen, eta atzetik gol andana etorri zen. Axio Imazek (3), Amaiur Garmendiak, Julen Mayok (2) Andoni Goikoetxeak eta Haritz Nazabalek 9-0 aurreratu zuten Arbizu. Chej Malainin Hafdalak altsasuarren lehen gola sartu zuen, 9-1, baina partida bukaeran Arbizuk berriro batuta hartu zuen eta Axio Imazek eta Andoni Goikoetxeak (2) sartutako golei esker azkenean 12-1 gailendu zen Arbizu. Arbizuko trenak Altsasu zanpatu zuen. 

Xotak Vulcanizados Ruiz Tafa hartu zuen Atakondoan. Partida borrokatutan Aimar Iraurgik eta Juan Morenok 2-0 aurreratu zuten Xota. Tafa 2-1 hurbildu zen, baina Aimar Iraurgik 69. minutuan sartutako golarekin partida erabakita geratu zen, 3-1 Xotaren alde. 

Ibararte da gizonezkoen lehen maila autonomikoko liderra (18 puntu). Arbizu Kirol Taldea hirugarren da (12 puntu), Xota bosgarrena (9 puntu) eta Altsasu hamabigarrena (punturik gabe). Ligako zazpigarren jardunaldian Arbizu Kirol Taldeak Zubirin jokatuko du azaroaren 7an, 20:30ean, Ibararte liderraren kontra. Xotak hamaikagarren den Olite izango du aurkari azaroaren 6an, 20:00etan, Erriberrin. Eta, azkenik, Altsasuk zortzigarren den Anaitasuna izango du aurkari azaroaren 9an, 13:00etan, Anaitasunan.