Kalitatezko Lanbide Heziketa eskatu dute

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko azaroaren 13a

Sakana Lanbide Heziketako institutuko irakasleak Hezkuntza Departamentuaren parean. UTZITAKOA

Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek grebara deitu zituzten Lanbide Heziketako (LH) irakasleak azaroaren 3tik 5era. LH Dualaren inguruko ezinegona adierazi nahi izan dute grebaren bidez. Sakana LH institutuan grebak jarraipena handia izan du.

Ikasketak eta enpresetako praktikak uztartzen dituzte Lanbide Heziketa (LH) dualeko ikasleek. Nerea Garziandia Lizarraga LHko goi mailako irakaslea da Sakana LH institutuan. Esan duenez, "LH duala, berez, proposamen ona da. Baina Nafarroa guztian aldi berean eta baldintza txarretan ezarri du Hezkuntza Departamentuak". Ikasleek enpresetan praktikak egin behar dituzte. "Horretaz guk arduratu behar dugu, eta askotan oso zaila da. Enpresek goi mailako ikasleak nahiago dituzte prestatuago daudelako. Erdi mailakoak hartzeko erreguka ibili behar izaten dugu. Gainera, kudeaketa izugarria da", azaldu du Garziandiak. 

Garziandiak azaldu duenez, joan den urtean praktikarik egin ez zituzten bost ikasle ditu. "Horien praktikak kudeatzeko zero ordu ditut. Bakoitzarendako enpresa bana bilatu diet. Bakoitzari egutegi propio bat egin diot. Gainera, bakoitzak egin behar duen proiektua zuzendu behar dut. Hiru bisita egin behar dituzte ikastetxera, eta ni enpresetara hirutan joan behar dut. Pentsa zenbat ordu diren horiek guztiak". Baina Garziandiak ikasle gehiago ditu, eta haiendako klaseak ere prestatu behar ditu. Guztia kudeatzeko askotan egun guztia lanean ematen dutela aitortu du.


Sakana Lanbide Heziketa institutuko irakasleak gobernuaren egoitzaren protestan. UTZITAKOA

LHko irakasleek klaseak prestatzeaz aparte, ikasleak lantegietan praktikak egiteaz arduratu behar dira. Eta horretarako ordurik ez dute asignatuta. "Joan zen urtean kudeaketa horretarako lau ordu zituzten irakasleek. Aurten, berriz, bat. Gainera, departamenduak ez du hitza bete eta ez die irakasleei enpresak opatzen lagundu. Badakite, gainera, ezin dela", azaldu du Miren Ustarroz Goñik. Azaldu duenez, "ikasleak enpresetara binaka edo hirunaka joanen dira, denak praktikak egiteko. Irakaslea klasean eta kanpoan egon behar du". 

Gaineratu duenez, "plan zaharreko ikasle batzuk beraien praktikak egin ez dituztenak. Horien kudeaketarako ez du ordurik eman departamentuak". Ustarrozek ziurtatu duenez, LH duala ezartzeko "ez dago baliabiderik eta ikasle horiek hala edo horrela artatu behar dira. Irakasleek musu truk egin behar dituzte lan guzti horiek eta praktika aldi horiek koordinatu behar dituzte". Gaztigatu duenez, institutuan erakusten diren sektore eta profil guztietako enpresak ez dauden ibarrean. Beraz, "ikasleak, askotan, Goierriko edo Iruñerriko enpresetan aritu behar dira. Eta irakasleak aurkeztu behar ditu ikasleak enpresan". Horregatik guztiagatik "ezartzen diren plan horiek aurrera eramateko nahiko baliabide" exijitu dituzte grebaren bidez. 

Merketzea
Ustarrozek salatu duenez, departamentuko arduradunek "merke-merke ateratzen zaion hezkuntza sistema bat egin nahi dute". Kritikatu du LH Duala progresiboki ezarri beharrean 16.000 ikasle aldi berean lantegietara bidaltzea". Ikasle bakoitzak ziklo bakoitzaren maila bakoitzean 500 ordu eman behar ditu enpresatan. "Kalkulua eginda, Hezkuntza Departamentuak urtean 4 milioi ikastordu merkatzen du lan munduko ordu horiekin". Deitzaileen susmoa da bide horrek LHren pribatizaziorako bidea zabalduko duela. Departamentua horretan Bertelsmann fundazioaren eskutik dabil. "Nazioarteko enpresa handia da, lobbya, eta Alemanian ikaragarrizko salaketak izan dituenak, osasun eta hezkuntza arloan pribatizazioan eskuhartze ikaragarriak egin dituelako". 

Ustarrozek ziurtatu duenez, "sistema honen guztiaren kaltetu zuzenak ikasleak eta beraien familiak dira. Uste dute kalitatezko Hezkuntza sistema txukun batera doazela". 

Irakasleek negoziatzeko prest daudela berretsi dute. "Oraindik ere garaiz gaude aurrekontuetan esku hartzeko. Nahi eta nahiz, Nafarroan LH zerbaitean hobetu behar da".