Atzera ere, Altsasuko udaletxe parean Pediatria zerbitzu duina! 1,5 pediatra leloa duen pankarta zabaldu zuten ostiralean, azaroak 7. Guraso talde batek egiten duen hirugarren deialdia da. Izan ere, gaur egun lanaldi osoan dagoen pediatrak Altsasuko osasun eskualdea utzi eta Zizur Nagusira lekualdatzeko eskaera egin zuen. Osanbideak eskaria onartu eginen dio. Eta pediatra horrek, gehienez, urte akabera arte lan eginen du. Gurasoen artean kezka zabaldu da, "ordezkorik ez baletor egoera okertuko bailitzateke". Hala balitz, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko haur eta gaztetxoak artatzeko bi astelehenean behin etortzen den pediatra bat besterik ez litzateke egonen. Beraz, txikiek osasun arazoak izanez gero, gurasoek haiekin Iruñera joan beharko lukete. Gainera, jaioberriei hamabostean behin hasieran eta hilabetero egiten diren errebisioak ezingo lirateke Altsasuko osasun etxean egin. Horretaz aparte, urtero egiten diren errebisioei ere eraginen lieke pediatra faltak. Errebisioak atzeratu eginen lirateke derrigorrez.
Antolatu den guraso taldearen ordezkaritza Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezekin elkartu zen azaroaren 3an. Hark jakinarazi zienez, joanen den pediatraren lanpostua betetzeko ordezkoa badu Osasunbideak. "Baina ez dakigu zenbat denbora emanen duen Altsasuko osasun eskualdean. Dakiguna da, eta hala esan genion alkateari, aurretik zegoen pediatrak Altsasura etorri nahi duela. Behin behineko langilea da, ez da funtzionarioa". Pediatriako lanaldi erdia betetzeko eskaeraren inguruan informaziorik ez dutela azaldu dute guraso taldearen ordezkariek.
Bitartean, pediatria zerbitzu duina aldarrikatzen duen taldeak ostiraletako kontzentrazioak baliatzen ari da jendearen artean erreklamazio orrietan idatzi beharreko testua banatzeko. "Jendeari lana erraztu nahi diogu. Osasun etxean erreklamazioa orria eskatu, han testua kopiatu eta harreran orria aurkeztu besterik ez dute egin behar", azaldu dute.