Etxepare Saria irabazi duen 'Orkestra Zooragarria' kalean da

Guaixe 2025eko azaroaren 10a

Aitziber Raya eta Gotzone Butron egileak 'Orkestra Zooragarria' album ilustratuarekin.

Gotzone Butronen eta Aitziber Rayaren lana argitaratu du Pamiela argitaletxeak

Pamiela argitaletxeak aurtengo Etxepare Saria irabazi duen Orkestra Zooragarria album ilustratua argitaratu du. Gotzone Butron idazlea eta Aitziber Raya ilustratzailearen lana da, eta musikaz maitemintzeko ipuina kontatu dute. 

Nafarroako hamasei toki entitateen euskara zerbitzuek antolatzen dute Etxepare Saria haurrendako album ilustratuak sortzeko sariketa, tartean Sakanako Mankomunitatea. Udaren hasieran jakinarazi zuten aurtengo album ilustratu irabazlea Orkestra Zooragarria dela, eta sariaren parte Pamiela argitaletxeak udazkenean liburua argitaratzea da, eta dagoeneko iritsi da eguna.

Epaimahaiak aipatu zuenez ipuina "erakargarria" da: "begiekin gozatzeko eta, kasu honetan ere, entzuteko". Istorio dibertigarria aurkeztu dute egileek. Bestetik, lanak musika klasikorako gonbita eskaintzen du ere, "ausardiaz": "Argumentuaren haria partitura bat dugu, Laura Esquivel idazleak La ley del amor nobelan egin zuen bezala, hiru kantu ditugu albuma irakurriz, ikusiz eta entzunez goza dezagun". "Gozatu" da albuma hobekien deskribatzen duen aditza. Egileek testu-ilustrazio "eder eta bihurrien bitartez", oreka eta harmonia mantentzen dutela gaineratu zuen epaimahaiak.

Orkestra Zooragarria albumean, izenburuak dioen bezala, musika eta fantasia "maistraki" elkarlotzen dira, eta umorea ere agertzen da. Epaimahaiak irudiak "oso onak" direla gaineratu du, eta testuarekin guztiz bat egiten dutela. Bukaeran, QRak agertzen dira, istorioan zehar aipatzen diren musika lanak irakurri bitartean aditu ahal izateko, "horrek irakurlea guztiz murgiltzen du eta gauza berriak ezagutzeko leiho bat irekitzen dio". 

Egileak
Aitziber Raya ilustratzaileak eta Gotzone Butron idazleak sortu dute Orkestra zooragarria. Raya Murgian jaio zen 2001. urtean, eta EHUn eta Unibersitat Politecnica de Valencian ilustrazioko eta Diseinuko Gradukoa ikasi zuen. Gradua amaitu ondoren, Sugaar argitaletxearekin lan egin du hainbat ilustrazio eginez, Zerbikas-en gidak ilustratu eta infografia ilustratuak garatu ditu Bartzelonako Gaudi Academia de Knowledge enpresarendako. Gaur egun, Diseinu eta Ilustrazioko master profesionalizatzailea amaitu berri du UPVn.

Butron 1965. urtean jaio zen, Urdulizen, eta Filosofian lizentziatua da. AEKko irakaslea eta koordinatzailea da Plentzian, eta Abusuko liburutegiko arduraduna 2006. geroztik. Idazle Eskolako graduondokoa egin du, eta 2021ean Bizkaiko Foru Aldundiko Ipuinak saileko Sardinerak ipuina idatzi zuen, eta 20022an lehiaketa berean Nire Sarajevo, Bizkaldatz Jarraitzeko prest? lanarekin narrazioa sailean hasi zen. 2024an Karmele Igartua sorkuntza beka eskuratu zuen, eta geroztik haurrendako ipuinen sorkuntzan ari da.