Azaroaren 1eko Iruñeko Harresien Lasterketak errekorra apurtu zuen, 6.000 korrikalari baino gehiagok parte hartu baitzuten urtetik urtera indar gehiago hartzen ari den lasterketan. Tartean sakandar ugari zeuden.
Forteko lasterketa (5 km) 1.274 korrikalarik osatu zuten. Aiert Mendiorozek irabazitako proban (16:00), lehen sakandarra Hodei Audikana olaztiarra izan zen, 80. postuan (21:06). Nesketan Alicia Carrera (17:55) izan zen azkarrena, helmugan 27., eta lehen sakandarra Noemi Cordero altsasuarra (22:58), helmugan 126. eta emakumezkoetan 22. sailkatuta.
Gotorlekuko lasterketa (10 km) jendetsuena izan zen. 2.852 korrikalarik bukatu zuten lasterketa, Andoni Acebedo buru zela (32:21). Sakandarrak oso fin ibili ziren. Top30ean, Andoni Goikoetxea etxarriarra 12. sailkatu zen (37:50), eta Joseba Galarza iturmendiarra 28. (39:20). Emakumezkoetan Esther Fernandez gailendu zen (42:51) eta Maalen Beraza irintarra lehen sakandarra izan zen (45:20), emakumezkoetan seigarren eta sailkapen orokorrean 204.
Harresien lasterketa (15 km) 794 korrikalarik osatu zuten. Miguel Seron iritsi zen lehena (51:42). Inhar Olabide 74. sailkatu zen (1:07:10), Urko Resano 76. (1:07:13), eta Ekhi Olabide 77. (1:07:14). Nesketan Amaia Melero gailendu zen (1:01:26), helmugan 23., eta Silvia Perez altsasuarra 196. sartu zen (1:13:51), emakumezkoetan 27.
Azkenik, Baluarteko Lasterketa (21 km) 380 korrikalarik osatu zuten. Ait Ali Ouichouk irabazitako proban (1:13:00) Felix Benjumea altsasuarra 27. sailkatu zen (1:22:45). Emakumezkoetan Angela Iglesias izan zen azkarrena (1:24:44), eta Ane Plissonneau altsasuarra 263. iritsi zen helmugara (1:51:40), emakumezkoetan 28.