Euskararen Egunaren harira antolatzen den galdera-erantzun estiloko lehiaketa da Egin Ttap, eta aurten hirugarren aldiz antolatu du Kukulaisik, aisialdi elkarteen topaguneak. Azaroaren 20tik 26ra jokatuko da aurtengoa, 7 egun, 7 galdera, 7 minutu formatuan. Galderak askotarikoak izango dira, denak euskaraz. Helburua, azken batean, euskaraz jolasten momentu dibertigarriak bizitzea da.
Haurrek eta helduek taldeka elkarrekin erantzun beharko dituzte galderak. 9-12 urte bitarteko haur-taldeak eratu behar dira (5-6 pertsona, gutxi gorabehera), eta taldearen arduraduna heldu bat izango da. Galderak askotarikoak izaten dira: kultura, natura, musikagintza, geografia… Euskaraz ondo pasatzeko momentutxo bat sortuko duen joko dibertigarria dela adierazi dute antolatzaileek.
Zazpi eguneko epea amaitutakoan punturik gehienak lortu dituzten taldeek zuzeneko finala jokatuko dute abenduaren 5ean, Durangoko Azokan.
Izen-ematea azaroaren 7tik 17ra egin beharko da, eginttap.eus webgunean edo Instagramen @eginttap profilean. Lehiaketaren inguruko informazio gehiago kukulaisi.eus atarian kontsultatu daiteke. Kukulaisi topagunearen barruan hemezortzi euskara elkartetako aisialdi taldeak daude.