Futbola

Etxarri Aranatz eta Lagun Artea, ederki

Guaixe 2025eko azaroaren 11

Lagun Arteak azken partida jokatu zuen Zelai Berri belar naturaleko zelaian. Aurrerarekin batera Euskal Selekzioaren eta Palestinaren aldeko pankartarekin talde argazkia atera zuten. LAGUN ARTEA K.E.

Gizonezkoen erregional mailako zazpigarren jardunaldian gure taldeek garaipen sendoak lortu zituzten

Asteburuan gizonezkoen erregional mailako zazpigarren jardunaldia jokatu zen. Etxarri Aranatzek San Jorge B izan zuen aurkari Iruñean. Partida hasi eta berehala, 6. minutuan Aratz Mariñelarenak Etxarri aurreratu zuen eta 31. minutuan Jon Erdoziak bigarrena sartu zuen. Hortik aurrera erasoago aritu ziren sakandarrak. Bigarren zatian San Jorge 1-2 gerturatu zen, baina Etxarri ez zen urduritu. 72. minutuan Jon Erdoziak bere bigarren gola sartu zuen, Etxarriren hirugarrena, eta 76. eta 89. minutuetan Alain Bakaikoak beste bi gol sartu zituen, markagailuan behin betiko 1-5ekoa ezarri zuena. Etxarriarrek garaipen sendoa lortu zuten. 

Lagun Arteak Zelai Berri belar naturaleko zelaiko azken partida jokatu zuen azaroaren 9an, azaroaren 10ean belar artifizialeko lanak hasi baitziren, eta lakuntzarrek agur ezin hobeagoa egin zioten belar naturalari, 2-0 hartu baitzuten mendean Leitzako Aurrera. Partida oso borrokatuan, 26. minutuan Gorka Senarrek Lagun Artea aurreratu zuen eta 35. minutuan Sael Ozoriak bigarrena sartu zuen. Bi taldeak gogoz saiatu ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 3 puntu oso garrantzitsu lortu zituen Lagun Arteak. 

Kirol Sportek jarraitzen du erregional mailako bosgarren multzoko lider (16 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (15 puntu) eta Lagun Artea seigarren (11 puntu). Zortzigarren jardunaldian Etxarri Aranatzek sailkapenean bosgarren den Valle de Egues C izango du aurkari. Partida azaroaren 14an jokatuko da, 21:00etan, Sarrigurenen. Lagun Arteak sailkapenean bederatzigarren den Arga Ibaia du aurkari. Partida azaroaren 13an jokatuko da, ostegunarekin, 21:00etan, San Jorgen.