Areto futbola

Aralar Mendik berdindu eta Altsasuk galdu, partida estuetan

Guaixe 2025eko azaroaren 12a

Hirugarren mailako areto futbol ligak puntu bakarra utzi du Sakanan

Hirugarren mailako zazpigarren jardunaldian Altsasuk Ibararte hartu zuen Zelandi kiroldegian. Partida hasi eta berehala aurrea hartu zuen Ibarartek eta 22. minutuan 0-2 jarri zen markagailuan. Gorritxoek ez zuen etsi eta 35. minutuan Asier Salgadok 1-2 gerturatu zuen Altsasu. Tamalez, altsasuarrek ezin izan zioten markagailuari buelta eman. 

Aralar Mendik, aldiz, Gazte Berriak liderra hartu zuen Uharte Arakilen. Parekotasuna, hori izan zen partidaren ezaugarririk nabarmenena, nahiz eta liderrak garaipena behar izan lidergoari eusteko. Eneko Cruzek Aralar Mendi aurreratu zuen 18. minutuan, baina minutu berean bana berdindu zuen Antsoaingo taldeak. Patroia errepikatu zen, Eneko Cruzek 2-1 aurreratu baitzituen uhartearrak eta Gazte Berriak-ek bigarrenez berdindu baitzuen. Ondoren Antsoaingoak izan ziren 2-3 aurreratu zirenak; zorionez, partida bukaerako txirrina jotzear zela hiruna berdindu zuen Aralar Mendik eta puntu bat salbatu zuen. 

Gazte Berriak-ek jarraitzen du lider (16 puntu), Ribera de Navarrarekin puntutara berdinduta. Altsasu zazpigarren da (7 puntu), eta Aralar Mendi hamargarren (6 puntu)Zortzigarren jardunaldian Aralar Mendik sailkapenean seigarren den Ardoi izango du aurkari azaroaren 15ean, 18:00etan, Zizurren. Altsasuk, aldiz, Antsoainen jokatuko du egun berean, 18:00etan, Gazte Berriak liderraren kontra.