Cederna-Garalurrek ibilbideak digitalizatzeko lanak eman ditu

Guaixe 2025eko azaroaren 14a

Mendizaleak Urbasan. ARTXIBOA

Plazaola-Sakana-Ultzamaldeko ibilbide eta bidexken auditoria eta digitalizazio zerbitzuak egine, turismo jasangarriaren eredu bat finkatu nahi du, turismo aktibo eta naturazkoaren eskaintza egiteko. 

Cederna-Garalurrek Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Turismo Espazioen Kudeaketa Unitateko ibilbideak digitalizatzeko lanak Bidea Outdoor Consulting SM enpresak eginen du. Egitekoaren truke 63.560,01 euro (BEZ barne) jasoko ditu. Garalurrek lan hori finantzatzeko Europar Batasunaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren NextGenerationEU funtsaren dirulaguntza du. Enpresak bost hilabete ditu lanak despeditzeko. 

Lau egiteko izanen ditu aipatu enpresak. Aurrena, Plazaola-Sakana-Ultzamaldeko bidezidorren eta ibilbideen egungo egoeraren azterketa zehatza egin beharko du. Honako informazioa jaso beharko du: udalerri bakoitzean seinaleztatutako bideak eta ibilbideak; bide berdeen, Donejakue bideen eta BTT sarearen egoera eta bide naturalen egoera. Hurrena, kartografia digitala sortzea da. Hau da, bidezidorren mapa digitalak sortzea edo eguneratzea, informazio geografikoko sistemak erabiliz.

Hirugarren egitekoa seinaleztapen digitala da. QR kodeak edo beste teknologia batzuk jartzea seinaleztapen fisikoan, bidezidorrari buruzko online informazioa emateko. Eta, atzeneko egitekoa plataforma digitalak dira. Plazaola-Sakana-Ultzamaldeko web orrian txertatuko den aplikazio bat sortzea edo egokitzea, ibilbideak, interesguneak, desnibelak, gertuko zerbitzuak eta beste datu garrantzitsu batzuk kontsultatzeko aukera emanen dutenak.