Mugikortasun jasangarria aztertzeko lehen bilera

Guaixe 2025eko azaroaren 18a

Udal eta enpresen ordezkariak bileran. SGA

Foru lege berriak tamaina jakin bateko udal eta enpresei bete beharrak ezarri dizkie.

Sakanako Enpresen Elkarteko, udaletako eta enpresetako ordezkariak elkartu ziren lastailaren 23an. Topaketa Sakanako Garapen Agentziak eta Sakanako Mankomunitateak antolatu zuten, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Azken hori ordezkatuz Klima Aldaketa eta Energia Trantsizioa eta Garraio eta Mugikortasuna departamentuetako kideak izan ziren.

Mugikortasun jasangarriaren inguruan aritzeko saioa izan zen hura. Izan ere, "mugikortasuna gure egunerokoaren parte da, eta eragin zuzena du klima aldaketan, enpresen lehiakortasunean eta pertsonen ongizatean. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da nola mugitzen garen aztertzea eta mugitzeko modu jasangarriagoak bilatzea", azaldu dute Sakanako Garapen Agentziako arduradunek.

Bileran Klima Aldaketa eta Energia Trantsizioari buruzko 4/2022 Foru Legea aurkeztu zuten. Legeak mugikortasun jasangarria bulkatzeko neurriak ezartzen ditu. Hala 5.000 biztanletik gorako udalek mugikortasun planak egin edo eguneratu beharko dituzte. Bestetik, 200 langiletik gorako enpresek, lantokiak edo industrialde handiak mugikortasun plan propioa garatzera behartuta daude. Legeak eskualdeko planak egiteko aukera jaso du, eta, horretarako, dirulaguntzak aurreikusten dira. Udalek planak egiteko %85eko dirulaguntza izanen dute 2026an.  

Topaketan parte hartzaileek nabarmendu zutenez, "mugikortasuna, oro har, herrien artekoa da, lanerako edo industriarako joan-etorriei lotuta, eta erronka horri aurre egiteko elkarlana eta ikuspegi bateratua ezinbestekoak dira".