Erromatar Inperioak bere hedadura gorena 150. urte inguruan lortu zuen, egungo Egipto edo Siriatik Bretainia Handirainoko hedadura hartu zuen. Inperioa behar bezala erromatarrek komunikatzeko galtzada sare zabala eraiki zuten. Orain Erromatar Inperio osoko bide sistemari buruzko sarbide irekiko datu digitalen multzorik zehatzena eta osatuena argitaratu dute. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Antzinatasun eta Erdi Aroko Zientzien Saileko Pau de Soto eta Adam Pažout ikertzaileek eta Aarhuseko Unibertsitateko (Danimarka) Tom Brughmansek gidatutako nazioarteko lankidetza Nature taldearen Scientific Data aldizkarian argitaratu da eta mapa itiner-e.org webgunean ikus daiteke. Lan antzinako munduko mugikortasuna, ekonomia eta administrazioa ulertzeko tresna berri eta eraldatzailea da.
Itiner-e proiektuak ikerketa arkeologiko eta historikoaren mendeak laburbiltzen ditu bereizmen handiko mapa digital bakar batean, beste baliabide digital garrantzitsu batzuetan kartografiatutako bide erromatarren luzera ia bikoizten duen datu-multzo batekin, ezagutzen den sarea 188.555 km-tik 299.171 km-ra handituz. Hazkunde hori gutxi dokumentatutako eskualdeen estaldura handiago batetik dator, eta espazio zehaztasun handiagoa du, mendi pasabide bihurguneetara eta korridore naturaletara egokitzen dena, lerro zuzen soilak sortu beharrean.
Egileek esan dutenez, "Itiner-e proiektuak sortu duen datu multzo zabala oso eraldatzailea da erromatar bide-sistemak antzinatean pertsonen, ondasunen, ideien eta gaixotasunen mugimendua nola egituratzen zuen ulertzeko". Nabarmendu dutenez, "lurralde zabal horren konektibitateari, garraio-kostuei eta administrazio-kontrolari buruzko azterketa konputazional berriak egin ahal izango dira, bai eta Europan, Afrikako iparraldean eta Ekialde Hurbilean lurreko mugikortasunaren milaka urteko garapenari buruzko ikerketak ere".
Arkeologoak Zamartzeko gune erromatarrean lanean. ARTXIBOA
Sakana
Erromatar bide sareak ere Sakana hartzen du. Galtzada batek ibarra alderik alde zeharkatzen zuen eta erdialdean Aracaeli masioa zegoen. Galtzada horrek bat egiten zuen, Andian barna, Zirauki herritik pasatzen zenarekin. Biek Etxarri Aranatz eta Bakaiku artean bat egiten zuten.
Webgunearen arabera, Pompelotik Aracaeli bitarteko 29,84 km-ak oinez edo asto gainean zazpi ordutan egiten zituzten. Gurdian 15 ordu ziren, eta zaldiz 5 ordutan. Antzeko denborak behar zituzten Aracaelitik Arabako Lautadako Urabain inguruan zegoen Alba masiora joateko (28,47 km). Bestetik, Zirauki eta Aracaeli arteko 55,18 km-ko galtzada bidea egiteko oinez 18 ordu behar ziren, gurdian joanda 36 ordu, 16 astoarekin eta 12 zaldiz.
Ibilbide posiblea
Ibarra zeharkatzen zuen galtzadaren ibilbide posiblea jaso zuen Rafael Carasatorre Vidaurrek ikerlariak Barranca-Burunda liburuan. Oskiatea Arakil ubeldea ezkerraldetik zeharkatuko zuen Bi Haizperantz jo eta han Larraun ubeldea zeharkatzeko. Galtzadak Etxeberri azpitik Itxasperrirantz eta Urbarango arratearantz eginen zuen. Hiriberri Arakilgo Berastegitik eta Ihabarko Ermita parajetik (Garriz despopulatua) aurrera segituko luke, Irañetako San Migelberri ermita inguruan Urruntzure erreka pasa eta handik Aracaeli mansiora (Zamartze) iristeko. Santa Luzia ermitatik (Muztillano despopulatua), Amurgin eta Lakuntzako Aldabarantz jotzeko. Zati hori guztia ubeldearen iparraldetik eginen luke. Lakuntzan ubeldea gurutzatuko luke Arbizurantz jotzeko eta Utzubarko basotik Etxarri Aranatzera iritsiko litzateke. Aritzalko basoa iparraldetik zeharkatu eta Burunda zeharkatuko luke. Olatzagutiko Ornatik (despopulatua), Belengo ermita zenera (Angustina despopulatua) eta Arkinano (despopulatua) Arabarantz jotzeko. Ikerlariak azaldu zuenez, Bidarri eta Arriaga toponimoek gurean galtzadari erreferentzia eginen liokete.
Carasatorrek aipatzen duenez, erromatar bide sareko puntu garrantzitsua litzateke Bakaiku, han bat egiten baitzuten ibarra eta Andia zeharkatzen zuten galtzadek. Azken horrek, ikerlariaren arabera, Azkona eta Bakaiku lotuko lituzke. Galtzada horrek bere ibilbidean Bidezabal, Portuzar, Galtzada eta Zalbide izenak hartzen ditu.
