BABESTUTAKO EDUKIA

"Energia trantsizioan herritarrendako bitartekaria naiz"

Guaixe 2025eko azaroaren 17a

Sarabe Arakama Irigoien bulegoan.

Sarabe Arakama Irigoien Komunitatea Eraldatzeko Bulegoko arduraduna da. Bulego horren egiteko nagusia da energia komunitateen bidez, herritarrak ahalduntzea energia trantsizioan

Komunitatea Eraldatzeko Bulegoa Nafarroako Gobernuak eta IDAEk bulkatutako proiektua da, Nasuvinsa enpresa publikoaren bidez egin dena. Komunitatea Eraldatzeko sei bulegoetako bat Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan dago.

Zein da zure egitekoa?
Energia komunitateak sortzen laguntzea. Energia trantsiziorako bidean, herritarrendako bitartekari bat naiz. Nik Larraun, Leitzaldea eta Sakanako energia komunitateei beharrezkoa duten aholkularitza eta laguntza eskaintzen diet.

Erakundeekin harremana baduzu?
Udalekin, kontzejuekin, Cederna-Garalurrekin, Sakanako Garapen Agentziarekin eta tokiko bestelako erakundeekin harremanetan gaude. Elkarlanean herritarrak informatu, sentsibilizatu eta energia komunitateak martxan jartzeko beharrezkoa den teknika, lege eta administrazio aholkularitza eskaintzen diegu. Helburu nagusia, energia komunitateen bidez, herritarrak energia trantsizioan ahalduntzea da. Gure arteko sinergiaren bidez informazioa partekatu eta proiektuak aurrera eramatea da helburua, energia komunitatearen barruan.  

Udalek energia komunitateak bulkatzeko zereginik badute? 
Funtsezkoa. Udalek espazioak, instalazioak edo administrazio espedienteak erraztu ditzakete. Gainera, herritarrak aktibatzeko gaitasuna dute, eta askotan eurek ematen diote hasierako bulkada proiektuari. Haien laguntzarekin proiektuak errazago iristen dira herritar guztiengana. Udalak energia komunitatearen parte izateak abantaila handiak ditu. Sakanako Energia Berriztagarrien Kooperatiban (EBK) udal gehienak bazkide dira. Komunitatearen parte hartzaile eta kolaboratzaile zuzenak izan daitezke udalak.

Tamaina guztietako udalak ditugu.
Udal handiek administrazio baliabide gehiago dituzte eta txikiek, berriz, komunitate kohesionatuagoa. Biek dituzte abantailak. Sakanan ibarrerako Energia Komunitate bakarra sortu denez, "komunitate" horren barruan lan egiteak abantailak ekarriko dizkie bai udalei bai kontzejuei. Tokiko baliabideak elkarlanean kudeatzea da helburua. Europako Batzordeak ere norabide horretan bulkatzen ditu energia komunitateak: behetik gora sortutako ekimenak sendotzea eta natura, ekonomia eta giza baliabideak tokian bertan aprobetxatzea. Ideia bera da: elkarrekin antolatuz, energia herritarren esku geratzea eta onurak komunitate osoan partekatzea.

Despopulazio arriskua ere badago. 
Energia komunitateak herri txikietan aukera estrategikoa dira: komunitatea indartzen dute, kostuak murrizten dituzte eta bizigarritasuna handitzen dute. Energia trantsizioa ere landa eremuaren biziraupenerako palanka izan daiteke.

Herritarrekin harremana duzu?
Ibarreko komunitatea garatzeko funtsezkoa da sakandarrekin etengabeko harremana izatea. Herritarrek proiektua eurena sentituz gero soilik izango da komunitatea sendoa eta erresilientea; energia sortzeko ez ezik, elkarlana eta autogestioa indartzeko ere balio du. Azken batean, energia herritarren esku jartzea da, eta hori pertsona guztiekin lotura zuzena izanik bakarrik lor daiteke.

Zer kezka ditu jendeak?
Ohikoenak Energia Komunitateen inguruko kezka juridiko-administratiboak dira, eta proiektuetarako laguntzei buruzkoak.

Energia komunitateen berri dugu?
EBK martxan jartzen denean seguruenik jende askok galdetuko du zer den, nola funtzionatzen duen eta zer onura izan ditzaketen parte hartuz gero.

Horietan interesa dugu sakandarrok?
Sakanan Energia Komunitatea ezagutzen duten pertsonek interes handia erakutsi dute, proiektuak ibarreko errealitateari eta eskualde bakoitzaren beharrei egokitzen direlako, partaidetza erdigunean jarriz eta herritarrek herritarrendako bulkatua. Behar eta aukeren arabera definitzen dira Energia Komunitatearen barruan aurrera eraman nahi diren proiektuak, eta horrek parte-hartzea errazten du. Aldi berean, hori da bulegoaren eginkizunetako bat: energia erabiltzeko eredua aldatzea, energia komunitatearen kontzeptua ezagutaraztea, kontsumo arduratsu eta kontziente bat sustatzea edota herritarren beharrak erdigunean jarrita, elkarlana sustatzea.

Zer da energia leihatila bakarra?
Mank-en egoitzan kokatutako arreta gunea da. Larraun, Leitzaldeko eta Sakanako herritarrei, tokiko erakundeei eta enpresei arreta eskaintzen die. Lagundu egiten du dirulaguntzetarako sarbidea errazten, bereziki energia eraginkortasunean, birgaitzean eta energia komunitateen sorreran. Era berean, etxebizitzen edo eraikinen energia birgaitzerako proiektuei buruzko aholkularitza tekniko pertsonalizatua eskaintzen du. Gainera, energia trantsizioa landa eremura modu "justu" eta eraginkorrean irits dadin, sentsibilizazioa eta laguntza eskaintzen ditu, faktura tailerrak eta abar eskainiz.

Dena bulegotik egiten duzu?
Askotan herrietara mugitzen gara: komunitate energetikoetako kideekin bilerak eta tailerrak egitera. Nirekin harremanetan jarri nahi dutenek sarakami@nasuvinsa.es e-postara idatzi edo 619 523 169 telefono zenbakira hots egin dezakete.

Beste bulegoekin harremana duzu? 
Sare baten parte gara, eta esperientziak eta baliabideak partekatzen ditugu. Bakoitzak ikasitakoa besteei transmititzeak proiektuak azkartzen ditu eta denon lana errazten du.