Energia komunitatea energia modu jasangarriago eta burujabe batean kontsumitu ahal izateko sortutako taldea da. Haren helburu nagusia, herritarrak energia arloan ahalduntzea da, eta hori lortzeko Sakanako energia Berriztagarrien Kooperatiba (EBK) sortu dute.
Energia komunitatea, zertarako?
Energia kontsumitzeko ohitura eta moduak aldatzeko balio dute komunitateek. Batetik, kontsumoa modu egoki batean egiteko sentsibilizazioa sustatzen du eta, bestetik, energia burujabetzan pausoak emateko hainbat proiektu garatzeko aukera ematen du. Norbanakoak proiektu propioa garatu beharrean indarrak batu eta ekintza eraginkorragoak bulkatu.
Hemen bada energia komunitaterik?
Herri batzuetan hainbat ekimenekin bueltaka denbora daramaten auzokideak badaude, baina energia komunitate gisa hau lehengoa da, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun ibar ikuspegia izatea.
Sortzeko zer pauso eman dituzue?
Bidea luzea da. Hainbat herritan energia komunitateak zer diren azaldu zen 2023an. Ondoren, Goienerren eta Nasuvinsaren prestakuntza eta ahalduntze saioak izan ziren. Haiek bukatuta, kooperatibari forma emateko talde motor bat sortu zen. Eta bilkura askoren ondoren, jendarteari ezagutarazteko prest gaude. Baina bide asko dago oraindik egiteko.
Horretan laguntzarik izan zenuten?
Hasieratik. Nahiz eta taldean badagoen energia arloan jakintza daukan baten bat, gehienak ez gara gaian adituak. Bestetik, horrelako kooperatiba bat sortzea ere ez zen posible izango lege laguntzarik gabe.
Komunitatea Eraldatzeko Bulegoaren laguntza jaso duzue?
Bai. Teknikaria iristean aldaketa bat egon zen eta oso lagungarria izaten ari da.
Zer nolako laguntza izan da?
Koordinazioa eta dinamizazioa gehienbat. Asko laguntzen gaitu hainbat agenteren arteko komunikazioan eta beste komunitateen esperientziak azaltzen. Nahiz eta kasu bakoitzak berezitasun propioak dituen lagungarria da hainbat adibide ezagutzea.
Nola dago antolatuta?
Komunitateak talde motorra dauka indargune bezala. Hamar pertsonek osatzen dugu eta bilerak, normalean, bi astetan behin egiten ditugu, baina beharren arabera. Horretaz aparte, kooperatiba denez, kontseilu errektore eta asanblada orokor batek osatzen dute.
Kideek zein funtzio dituzte?
Parte hartzeko hainbat modu daude. Batetik, bazkide egin eta martxan dagoen proiektu batera batu. Bestetik, komunitatearen parte izan iniziatiba berriak bulkatuz edo, besterik gabe, energia kontsumitzeko beste modu batean sinesten dutelako EBKren eguneroko lanetan lagunduz.
Lehen pausoak nolakoak izan dira?
Denetarik egon da. Prozesua luze izan da eta desgaste puntua dauka, eztabaida eta lan asko dago atzetik. Baina aberasgarria ere, sakandarren onurarako den zerbait garatzen ari garela sentitzen dugulako. Lehen esan bezala, ezagutaraztear gaude eta horrek, urduritasun puntu bat plazaratzen badu ere, aurrera pausuak ematera motibatzen gaitu.
Proiektuak martxan dituzue?
Lau, baina haien garapen maila ez da bera. Irurtzun, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiaingo udalek beraienak diren teilatuetan instalazio fotovoltaikoak sustatu dituzte. Bi prest daude dagoeneko eta beste biak bidean.
Etorkizunerako proiekturik baduzue?
Makina bat proiektu eta jarduera sustatzeko aukerak ditugu buruan. Instalazio gehiago egin edo dagoeneko ditugunak handitu. Mugikortasunean egiteko asko dago, eta biomasaren kudeaketan ere hainbat aukera daude. Idei asko ditugu buruan, baita besoak zabalik komunitatean parte hartu nahi duen orok bere ekarpena egin dezan. Gure e-posta hau da: ebk@sakana.eus.
Energia komunitatean parte hartzearen abantailak zein dira?
Halakoetan parte hartzeak abantaila ugari ditu. Kontsumo ohiturak aldatzeak eta eraginkortasuna hobetzeak energia gutxiago kontsumitzera eramaten zaitu. Kontsumitzen duzun energia horren sorreran parte hartzeak, eta gainera iturri berriztagarrietatik eta bertakoetatik egiteak, energia burujabetasuna ematen du, horrek suposatzen duenarekin, elektrika handiekiko menpekotasun murrizketan. Komunitatea eta gizarte kohesioa sortzen du, gehien behar duten pertsonak laguntzeko baliabideak eskainiz. Azkenik, norbanakoaren poltsikoan eragina dauka, energia gastuaren murrizketan.
Sakandarrek nola egin dezakete bat energia komunitatearekin?
Azaroaren 27an, 18:00etan, komunitatearen aurkezpena egingo dugu Lakuntzako kultur etxean. Bertan xehetasun gehiago emango ditugu, esaterako, EBKren bazkide egiteko modua. Oso erreza izanen da. Bazkide orria bete eta beharrezkoa den gutxieneko diru ekarpena egitearekin nahikoa izango da. Beraz, sakandarrak animatzen ditugu aipatutako aurkezpenera gerturatzera.