Azaroaren 8an VIII. Arronizko Traila jokatu zen, bi modalitateetan: 23 kilometrokoa (1.300 m +), aldi berean Nafarroako Kluben Arteko Mendi Lasterketen Txapelketa zena, eta 10 km-koa, herrikoia. Trailak parte hartze itzela izan zuen, eta bertatik berri onak datoz Sakanara, Dantzaleku Sakana atletismo kluba, aspaldiko partez, talde gisa lehiatu baitzen Nafarroako Kluben Arteko Txapelketan, emakumezkoetan eta gizonezkoetan.
"Oso pozik gaude. Guztira Dantzaleku Sakanako hamasei korrikalarik hartu genuen parte Arronitzen, bi distantziak kontuan hartuta. Proba luzean zazpi korrikalari izan ziren, eta gainontzekoak motzean aritu ginen. Oso balorazio positiboa egiten dugu, gure helburua, aspaldiko partez, Nafarroako Kluben Arteko Txapelketan parte hartzea zelako, eta lortu genuen" azaldu du Dantzaleku Sakanako presidente Adrian Claverrek.

Gaineratu duenez, "egun ederra" pasa zuten. "Elkarrekin joan ginen Sakanatik, talde gisa, trailean parte hartu eta ostean bertan bazkaldu genuen, giro bikainean. Korrikalariez gain, klubetik beste sei pertsona hurbildu ziren, korrikalariak lagundu eta animatzera. Egun osoa elkarrekin pasa genuen, eta hori da nahi duguna, taldea egitea. Gainera, ideia berri asko atera ziren, lasterketa eta ekimen berriak proposatu ziren... Denetatik". Argi dago helburua ez zela sailkapen eta denbora ona egitea izan. "Ez dakigu nola sailkatu ginen ere. Ahalik eta hobekien aritzea zen asmoa, gustura egotea, eta bereziki, taldea egitea. Beraz, oso pozik gaude".
Bestalde, Dantzalekuko atletismo eskolakoak Cascanteko Krosean aritu ziren, Errelebo Mistoen Kross Txapelketan.
Nafarroako Kros Luzea, ate joka
Abenduaren 21ean Altsasuko Krosa jokatuko da, Dantzalekuk antolatuta, Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izango dena. Dantzaleku Sakanak antolatuko du, Nafarroako Atletismo Federaziaren laguntzarekin.