Sakanako basoetatik ateratako zuretik baleontzia

Guaixe 2025eko azaroaren 17a

San Joan Baleontziaren lehorreko fasea bukatuta, Albaolak uretan eraikitzeko fasea abiatu du orain.

Itsasontzia euskal sagardoarekin bataiatu eta haren brankan erramu sorta jarri ondoren, uretaratzeko gurdiak poliki-poliki itsasoratu zuen San Joan baleontzia azaroaren 7an. Albaola itsas faktoria bertatik, Pasaiako badiatik eta telebista eta Internet bidez (guaixe.eus barne) maniobra begira izan zen makina bat jende. Ureratzeagatik itsas faktorian antolatutako ekitaldian izan ziren erakunde ordezkarietako bat Aitor Larraza Carrera izan zen, Sakanako Mankomunitateko presidentea.  

Baleontzia itsasoratu zenean atoi ontziek Pasaiako portura eraman zuten baleontzia. Albaolako kideek han eraikuntza lanen bigarren faseari ekin diote. Han itsasontziaren ekipamendu integrala eginen dute: 4 km soka, 600 m²-ko bi bela joko, aingura forjatuak, bale txalupak, kobrezko galdarak, barrikak eta garaiko materialekin eta teknikekin egindako beste tresna batzuk. Hurrengo hilabeteetan, ekipamendua osatzeko lanak aurrera egin ahala, ontzi museoa bilakatuko da, jendeari irekitako gunea bihurtuko da. Hala, jende guztiak XVI. mendeko itsas teknologia eta marinel haien bizitza zehatz-mehatz ezagutzeko aukera izanen du. Lan horietan urte eta erdi emanen dute. Horiek despedituta, 2027an San Joan baleontzia Atlantiko ozeanoa zeharkatu eta Ternuarako bidaia egiteko prest izanen da, jatorrizko itsasontziak duela ia 500 urte egin zuen bezala.

Langileek bere egitekoak egiten dituzten bitartean, Albaola itsas faktorian baleontziari buruzko erakusketa ikusgai izanen da. Aldi berean, baleontzia ekipatzeko elementuen prestaketa nola egiten duten zuzenean ikusteko aukera izanen da: ankoreria, errementaritza, mastak eta beste tailer espezializatu batzuk.