AEKko arduradunak, Korrikaren bidelagunak eta Gasteizko euskalgintzaren lagin bat ondoan zutela, 24. Korrika aurkeztu zuen. Aurkezpenean AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Gradok azpimarratu zuen Korrikaren 24. edizioak erakusten duela euskara herritar guzti-guztiondako aterpe ireki eta erosoa dela: "Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza… Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte- zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita".
AEKren Nazio Kontseiluko kide Lurdes Etxezarreta Artabek, berriz, hiru mezu zabaldu zituen. Aurrena, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia: "Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea". Hurrena, presa: "Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea". Etxezarretak gaineratu zuenez, "larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda". Atzeneko mezua instituzioei helarazi zien. Euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, "hizkuntza-politika ausarta eta sendoaren beharra" aipatu zuen.

Leloaz
Korrika arduradun Ane Elordi Alburquerquek esan zuenez, Euskara gara leloak jendartea du helburu: "Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da". Euskarak jendarteari arnasa ematen diola aipatu du: "Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza..."

Omendua
Korrikak beti pertsona edo erakunderen bat omentzen du. 2026Ko edizioko omendua Errigora izanen da. Korrika arduradun Ane Elordi Alburquerquek esan zuenez, "Errigorari aitortza egin nahi diogu euskaratik, euskararendako eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi diogu aurrera jarrai dezan bultzatzeko". Elordik adierazi zuenez, "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere".
Era berean, Elordi esker ona adierazi zien Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen duten guztiei.
Korrika dendan eta sarean
Dagoeneko eskuragarri dago telefono mugikorretarako Korrikaren doako aplikazioa. Bestetik, hiriburuetako Korrika dendak eta online denda zabalik daude. Han daude salgai arropa, bizkarrekoa eta bestelako osagarriak.
Gainera, aurkezpenean gogoratu zutenez, martxoa bitartean "hamaika hitzordu" izango direla gaztigatu zuten. Esaterako, Korrika Kulturala kasu. Hala, Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea den Kaka antzezlana izango da ikuskizun nagusia. Hilaren 19an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean; ondoren, hainbat herritan ikusteko aukera izango da.