Gizonen lehen maila autonomikoan Arbizu Kirol Taldeak Gazte Berriak taldea hartu zuen. Partidaren lehen txanpa oso estua izan zen. Mattin Petriatik bitan aurreratu zuen Arbizu, baina bina berdindu zuen Gazte Berriak-ek eta segidan 2-3 aurreratu zen. Arbizuk ez zuen etsi, eta Julen Mayok hiruna berdindu eta gero Antton Igoak 4-3koa jarri zuen. Hortik aurrera gora egin zuen Arbizuk eta Julen Luisek eta Julen Mayok markagailua borobildu zuten, 6-3 irabazita.
Xotak Los Sauces taldea hartu zuen Atakondoan. Partidak soilik kolore bat izan zuen, Xotaren berdea, sakandarrak goitik behera kontrolatu baitzuten partida. 11-1 irabazi zuten, Juan Moreno, Oinatz Zabarte, Mikel Beloki (3), Aimar Iraurgi (2), Andres Felipe Cadena (2), Imad El Ougdi eta Asier Astiz izan ziren golegileak.
Altsasuk Ibararte liderra hartu zuen Zelandin. Altsasuarrek bere atezainaren aldeko mezua atera zuten, berriki gurasoetako bat galdu duelako. Partidari dagokionez, Eneko Iraurgik Altsasu aurreratu zuen, baina Ibarartek 1-3 eman zion buelta partidari. Raul Sanchezek 2-3 gerturatu zuen Altsasu, baina hortik aurrera Ibarartek partidaren kontrola hartu zuen eta 2-6 irabazi zuen.
Ibararte da liderra (22 puntu), Gazte Berriaken aurretik (21 puntu). Arbizu hirugarren da (16 puntu), Xota laugarren (15 puntu) eta Altsasu hamabigarren da, punturik gabe. Bederatzigarren jardunaldian Arbizuk sailkapenean seigarren den Vulcanizados Ruiz izango du aurkari azaroaren 21ean, 20:30ean Tafallan. Xotak zortzigarren den Universidad de Navarra hartuko du azaroaren 20an, 20:30ean. Altsasuk Gazte Berriak bigarrenaren kontra jokatuko du azaroaren 22an, 18:00etan, Antsoainen.