Pilota

Zurrumurrua konfirmatu da

Guaixe 2025eko azaroaren 19a

Aurkezpena Bilbon egin zen, babeslea Kutxabank delako. ASPEPELOTA.EUS

Ezkurdiak atzelari jokatuko du Binakakoan, Altunarekin bikotea osatuta. Zabaletak Elordi izango du bidaide eta Martijak Zabala. B Seriean Baikok ez du Bakaikoa hautatu

Katedran bolo-bolo zebilen kontua konfirmatu zen azaroaren 18an Bilbon.  Joseba Ezkurdiak atzelari jokatuko du Binakakoa, Altuna III.arekin bikotea osatuta. Egungo Binakako txapelduna da Ezkurdia, 2025 txapelketa Rezustarekin batera irabazi baitzuen, baina aurten atzeko koadroetan ariko da, Aspek atzelari berriei ez baitie A Seriean aritzeko aukerarik eman. “Beldur handia” ematen diola aitortu zuen Ezkurdiak, baina Altunarekin aritzeko “motibazio handia” duela. 

Hori izan zen sorpresarik handiena. Bestea, Peña II.ak B Seriean jokatuko duela, bigarren mailan. Ildo honetan, Baikok ez du Joanes Bakaikoa B Serieko Binakakorako hautatu. Denboraldi ikusgarria egin du etxarriarrak, tartean A Seriean egindako Lau eta Erdi ederra, baina Bilboko enpresak ez dio, berriro, Binakakoan aukera eman. Harritzekoa. 

Bikoteak
A Serieko Binakakoei dagokienez, Asperenak Altunna III.a-Ezkurdia, Elordi-Zabaleta, P. Etxeberria-Rezusta eta Zabala-Martija dira. Baikorenak Artola-Imaz, Jaka-Iztueta, Larrazabal-Mariezkurrena II.a eta Laso-Albisu. 

Polemikak alde batera utzita, EPEL-ek txapelketa orekatua antolatu duela esan daiteke, guztiak bikote indartsuak baitira. Elordik eta Zabaletak, 2023ko txapeldunek, hirugarrenez elkarrekin jokatuko dute, eta bigarrenez Etxeberriak eta Rezustak. Altuna-Ezkurdia eta Zabala-Martija bikoteak, jakina berriak dira. Baikoko bikoei dagokienez, Artola eta Imaz hirugarrenez ariko dira, Laso eta Albisu bigarrenez, eta Larrazabal-Mariezkurrena eta Jaka-Iztueta bikote berriak dira. 

Finala, Nafarroa Arenan
Bilbon egin zen Binakakoaren aurkezpena, Kutxabank-ek babestuko baitu txapelketa. Azaroaren 21ean hasiko da, Beasainen, eta martxoaren 29an jokatuko da finala, Nafarroa Arenan. 

Azken hiru ekitaldien lehiaketa sistema bera izanen du. Zortzi bikoteek hasieran hamalau jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, bi itzulitan. Ligaxkako lehen bi bikoteak zuzenean pasako dira finalerdietako ligaxkara. Hurrengo lau sailkatuek, berriz, play-off edo kanporaketa jokatu beharko dute, eta azkeneko biak txapelketatik kanpo geratuko dira. Finalerdietara helduko diren lau bikoteek hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta bi onenak finalerako sailkatuko dira. 

Lehen jardunaldia
Azaroaren 21ean, Beasainen, Elordi-Zabaletak Zabala-Martija dituzte aurkari (ETB1); azaroaren 22an, Logroñon, Altuna III.a-Ezkurdiak Etxeberria-Rezustaren kontra jokatuko dute (ETB1); azaroaren 23an, Agoitzen, Jaka-Iztueta Larrazabal-Mariezkurrenaren kontra ariko dira; eta azaroaren 24an, Tolosan, Artola-Imazek Laso-Albisu dituzte aurkari.