azaroak 25

Feministak konplizitate sareen kontra, kalera

Guaixe 2025eko azaroaren 24a

Joan zen urteko manifestazioa. ARTXIBOA

Mugimendu feministak antolatzeko eta kaleak hartzen segitzeko deia egin du: "erantzun diezaiogun indarkeria sostengatzen duten haien konplize sareei, horien kontra borrokatzen duten konplizitate feministekin".

Euskal Herriko mugimendu feministak nabarmendu duenez, "joan zen urteko azaroaren 25etik gaur arte sei emakumezko erail dituzte Euskal Herrian. Indarkeria matxistaren aurpegi lazgarrienaren eta bortitzenaren biktimak dira". Baina feministek nabarmendu dutenez, "indarkeria matxista hamaika formetan ikus dezakegu gure egunerokotasunean. Aurten horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatzera aterako gara kalera". Feministek adierazi dutenez, "emakume*, trans eta bollerok jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa. Sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialak askotariko egiturak eta mekanismoak ditu martxan gure gorputz eta lurraldeetan indarkeria betikotzeko eta, hala, sisteman betikotzeko".

Mugimendu feministatik adierazi dutenez, "aipatutako konplizitate eta anaidia sare horiek, paktu patriarkalak dira. Konplizitate eta isiltasun sareak dira, eta bertan gizonez aparte, bestelako egiturek ere parte hartzen dute". Horien artean daude "indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez dituzten erakundeak". Eta justizia sistema seinalatu dute: "non babesgabe eta inongo sinesgarritasunik gabe uzten gaituen etengabe. Eta horrek eragin zuzena du kalean bizi dugun oldarraldiarekin, eta geroz eta argiago inpunitate osoz zabaltzen ari diren diskurtso faxistekin aliantza perfektua baita feminismoa deslegitimatzeko".

Aldi berean, salatu du "feminismoa eta indarkeria matxistaren kontrako diskurtsoa darabilte bestelako gorrotozko mezuak zabaltzeko, arrazakeria zabaltzeko, esaterako". Nabarmendu dutenez, "mugimendu feminista borroka antiarrazista izan behar duela argi dugu, eta arrazakeria zabaldu nahi dutenen aurrean ere antolatuta egongo garela adierazi nahi dugu". Aldi berean, "sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen" jarraituko du, "tartean berau sostengatzen dituzten legeak deuseztatzeko" eskatu du, Atzerritartasun Legea, esaterako.

Epaiketa 

Estreinakoz Europan "abortuaren kontra abortatzeko kliniken parean jartzen diren talde ultrakatolikoen kontrako epaiketa bat hasi da". Mugimendu feministak adierazi duenez, "abortuaren debekua historikoki emakumezkoen* gorputzen gaineko kontrola ezartzeko mekanismoa izan da, eta indarkeria matxistaren adibide bat gehiago da". Feministek esan dutenez: "urteetan aldarrikatu bezala: gure gorputza gure erabakia da!" Horregatik, "abortu libre, doako eta publiko baten alde borrokan" jarraituko dutela gaztigatu dute. 

Bestetik, mugimendu feministak ohi duen bezala, Palestinari elkartasuna eta babesa adierazi dizkio. Horrekin batera, "gobernuek Israelekin dituzten harremanak eteteko exijitzen dugu, eta Israeli boikot egiteko deia egiten dugu". Aldi berean, mugimenduko kideek "besarkada bana" bidali diete beste hainbat herrialdeetan borrokan ari diren feministei, esate baterako, Sahara edo Sudan. 

Mugimendu feminista konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista. Zuen hipokresia indarkeria da! lelopean kalera aterako da. Azaroaren 25ean, asteartean, hiru herritan bilkurak eginen dituzte: Lakuntzan, 19:00etan, plazan; Arbizun, 18:30ean, plazan, eta ondoren auzatea izanen da eta Urdiainen, 19:00etan, udaletxe parean. Sakanako manifestazioa Altsasuko udaletxe paretik 20:00etan abiatuko da.