Emakumezkoen antolakunde sozialistak, asteartean, 19:00etan, Altsasuko Foru plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera animatu ditu sakandarrak.
Zergatik da "egoera larria"?
Indarkeria matxista eguneroko errealitatea da emakumeon gehiengoarendako. Asko dira albisteetan ikusitako kasuak: Zarauzko erailketa matxista, talde bortxaketa Iruñeko karpan, bortxaketa bat Sarrigurenen, bi sexu-esplotazio sare desegin...
Egunerokoan zeinek eragiten du indarkeria matxista?
Albisteak errealitatearen parte txiki bat baino ez dira, kasu asko ezkutuan geratzen dira, emakumeok salatzeko dugun ezintasun edo beldurragatik. 10 indarkeria matxista kasutik 9 hurbilekoenak dira: bikoteek edo ohiak, senide edo lagunek.
Indarkerietatik askatzeko, zer?
Emakume askok menpekotasun handia dute familian, ekonomikoa eta pertsonala. Indarkeria matxistaren aurrean gu gara gizartetik baztertuak, gu gara etxebizitzak utzi behar ditugunak, gu gara babes-neurriekin itota (efikazia zalantzagarria dutenak) bizi behar dugunak. Emakume langileok gara egoera zaurgarrienean gaudenok, gure bizi-baldintza prekarioek ezinezko egiten dute indarkeria testuinguruetatik askatzea.
Matxismoa gehiago ukatzen da?
Ideia erreakzionario eta faxistak hedatzen ari dira: indarkeria matxista existitzen ez dela, gizonen bizitzak hondoratzeko salaketa faltsu asko jartzen direla. Datu ofizialek kontrakoa esateaz gain, errealitatean erasotuok salatzeko zailtasun handiak ditugu. Genero-indarkeriaren kontrako legea bidegabea dela diote, "berdintasunaren ideia" baldintza beretatik abiatu behar delako eta gizonen eskubideen kontra doalako. Ondorioz, urteetako borrokarekin lortutakoa ezerezean geratzea nahi dute; baita arazoa ezkutatu eta normalizatu. Bestetik, arrazismoa elikatzen dute: erasotzaileak etorkinak direla eta gure emakumeak bortxatzera etorri direla. Halakoak esaten dituztenei ez zaie inporta indarkeria matxistarekin bukatzea, baizik eta gorroto diskurtsoak zabaldu eta segurtasun faltaren ideia hedatzeko darabilte. Hala, migrazio-politikak justifikatu eta polizia indartu nahi dute.
Horren aurrean? Kalean?
Kontzientziazio-lan handia egin behar dugu, ezin dugu gure herri, ikastetxe, kuadriletan… matxismoa normalizatzen utzi. Bereziki, lan handia dugu gazteekin, sare sozialetan zabaldutako fenomenoa gizarteko arazo larria da. Guztiok inplikatu behar dugu indarkeria matxistaren aurkako borrokan.
Zer aldarrikatuko duzue?
Ez dugu kudeaketara mugatu nahi, beharrezkoa da zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialista bat sortzea, matxismoarekin bukatzeko aukera bakarra baita.