Etxebizitzaren egoeraz aritzeko jardunaldia

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko azaroaren 24a

Sakanako etxebizitza lantaldearen bilera. ARTXIBOA

Cederna-Garalurrek landa-eremuetako etxebizitzen egoera aztertzeko eta tokiko konponbideak aztertzeko topaketa antolatu du. Sarbidea arintzeko Sakanan egiten ari direna eta Nafarroako estrategiarekin nola bat egin dezakeen aurkeztuko dute.

Landa eremuan etxebizitzak erronka bereziak ditu: etxebizitza merkatu eskasa, birgaitzeko zailak diren etxebizitza handiak, lan guneetatik urrun daudenak, eta poltsikoetara iristeko alokairu edo salmenta aukera eskasak. Cederna-Garalurrek antolatutako jardunaldiak bizitoki-errealitateari buruz hausnartzea du helburu.

Guztiaren abiapuntua Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuei EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa batean dago. Haren bidez Cederna-Garalurrek 50.000 euro jaso ditu "landa-ingurunean etxebizitza eskuratzeko politika publikoetan berrikuntza-proposamenak egiteko". Hasiera batean Mendialde guztia hartu behar zuen egitasmoak, baina Sakana eskualde pilotu gisa aukeratu du Garalurrek, ibarrean udalek etxebizitzen parkea handitzeko pausoak eman dituztelako, eta Sakanako Mankomunitateko etxebizitzako lan-mahaian koordinatzen direlako. 

Egitekoak 
Lau egiteko aurreikusi dira. Hasteko, Garalurrek Mendialdeko Etxebizitza Mahaia sortu du. Haren egitekoak dira: diseinatu nahi diren tresnak koordinatzea, Nasuvinsarekin eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiarekin elkarrizketa erraztea eta Nafarroako Mendialdean etxebizitzaren arloko ezagutzaren transferentzia erraztea. Bigarrena da tokiko erakundeei zuzendutako gida bat egitea, etxebizitza publikoko politikak definitzeko eta ezartzeko garaian erabakiak hartzea errazteko. Ikerketa hori Sakanan zentratu da eta bi urte beharko dira egiteko. Izan ere, egoeraren azterketa eginen dute lehenik. Ondoren aukera, mehatxu, indargune eta ahulezien azterketa etorriko da, etxebizitza berriak sortzeko edota dagoen eskaerari erantzuteko problematika identifikatuko duen diagnosia egiteko. Azkenik, etxebizitza arazoei hirigintza esparrutik aurre egiteko udalendako metodologia gida idatziko dute. Aurreneko bi pausoak aurten egitekoak dira. 

Bigarren egitekoaren osagarri, landa inguruneko egoitza ereduen jardunbide egokien katalogoa eginen dute. Identifikatutako proiektuek kooperatiben ereduak jasotzen dituzte erabilera lagapenean, bizitegi erabilerarako eraikinen birgaitzean edo araudian eta erregulazioan. Jardunbide egoki gehienak beste autonomia-erkidego batzuetakoak dira, Nasuvinsa Nafarroakoa egiten ari baita. 

Azken egitekoa proiektuaren berri emanen duen jardunaldi bat da. Etxarri Aranazko kultur etxean izanen da azaroaren 26an, asteazkenean, 18:00etatik 19:30era. Parte hartzeko galdetegi labur baten bidez izena eman beharra dago labur.eus/zvcw6c4r loturan.