Ekonomia sozialari bulkara emateko tresna

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko azaroaren 26a

Mahaia eratzeko bileran parte hartu zutenak. Ezkerretik lehena Iker Manterola Matxain. SGA

Sakanako Ekonomia Sozialaren Mahaia eratu dute. Hasiera batean, ekonomia soziala sustatzeko ibarrean eginen diren ekimenak koordinatzeko espazioa da. Etorkizunean proiektu berriak sustatuko lituzke.

Ekonomia sozialaren barruan kooperatibez aparte gehiago ere badaudela argitu du Manterolak: lan-sozietate anonimoak (langileek enpresaren jabetzan parte hartzea dute), insertzio enpresak, fundazioak... "Hainbat lege figuraren pean aritzen dira. Garapen iraunkorrago bati lotutako proiektuak izaten dira normalean", azaldu du Sakanako Garapen Agentziako (SGA) koordinatzaile Iker Manterola Matxainek.

Manterolak azaldu duenez, "Sakanako Estrategia Planak 'Sakanan lan eta bizi' leloari erantzuten dio. Hori kontuan hartuta, ikusi genuen ekonomia sozialeko enpresak direla krisi garaian lanari hobekien eusten diotenak, tokikotasunari hobeki eusten diote, ez da deslokalizaziorik izaten, ingurumenarekiko atxikimena, kooperazioa, lan baldintza onenak eskaintzen dituztenak dira. Enplegu duinak sortzeko eredu oso interesgarria dela, langileen parte hartzearekin indartzen dena. Horregatik estrategia planean ekonomia soziala zeharlerro estrategiko gisa sartu zen", argitu du. 

SGA ekonomia soziala sustatzeko hainbat jarduera egin ditu azken urteetan. Manterolak gogorarazi duenez, "ekonomia soziala sustatzeko aurreneko prestakuntzak 2019an ematen hasi ginen. Ekintzailetza kolektiboa sustatzeko programa berezi bat abiatu genuen, gauza berria Nafarroan". Hori ekonomia sozialeko eragileekin batera sustatu zuen SGAk: Reas (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea), Anel (Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak) eta Olatukoop (ekonomia sozial eraldatzailean ari diren enpresa, elkarte eta bestelakoen sarea). Hurrengo pausoak zehazten ari zirela, pandemia iritsi eta bertan behera gelditu zen. "Ordutik hiru eragile horiekin banaka hainbat gauza egin ditugu. Baina elkarrekin koordinazio hobea lortzeko eta, batez ere, eragin handiagoa izateko, elkarrekin koordinazio esparru bat sortu behar genuela ikusten genuen. Eta, gainera, ekonomia sozialeko beste eragileei zabaldu diegu". Hori da Sakanako Ekonomia Sozialaren Mahaia, Dinabiden sortu zena azaroaren 11n.  

Koordinazioa
SGAko koordinatzaileak azaldu duenez, hasieran, behintzat, "mahaia da ibarrean ekonomia soziala sustatzeko egiten ditugun proiektu edo bestelako ekimenak koordinatzeko espazioa. Aurrerago elkarlana sakontzeko asmoa dugu. Etorkizunean mahaia proiektu berriak sustatzeko espazioa litzateke". 

Gaur egun mahaiko kideak dira Reas, Anel, Olatukoop eta SGA. "Gainera, hiru eragileetako ordezkariez aparte, haietan bazkide diren Sakanako enpresen ordezkariak daude. Aneleko kide gisa Sakana groupek parte hartzen du, eta Olatukoopen ordezkari gisa Bakaikuarrok kooperatibak parte hartzen du. Momentuz, horiek dira kideak, baina aurrerago beste eragile batzuen parte hartzeari irekia egonen da. Esaterako, Eina (Nafarroako Laneratzeko Enpresen Elkartea) mahaira gehitzeko interesa adierazi du", argitu du Matxainek. 

Dagoeneko kideek 2026an eginen dituzten jarduerak partekatu dituzte. "Jarduera horiek ahalik eta eragin handiena izateko nola elkar lagundu aztertu genuen". Matxainek gaineratu duenez, "joan den urtean hasi zen Sakanako Ekonomia Sozialaren topaketei bulkada berezia eman nahi diogu. Horren helburua da ekonomia sozialean dauden eragileen arteko elkar ezagutza eta Sakanan dauden enpresak eta besteen arteko elkar ezagutza sustatzea. Eta elkarrekin jarduten hasteko lehenengo oinarriak jartzen hastea". 2024ko topaketan ekonomia sozialeko hainbat proiektu txiki aurkeztu ziren. "Eta hainbat enpresek hasi berri horiei laguntzeko bide orri bat adostu zen. Orain horrekin segitu eta sakondu nahi genuke. Hau da, dauden kooperatiba txikiak denon artean nola indartzen ditugun, nola elkar ezagutzen dugun, elkarrekin egin ditzakegun proiektuak nola identifikatzen ditugun... Topaketa informal batean, baina elkarri aurpegia jarriz".  

Matxainek azaldu duenez, ekonomia sozialak Sakanan "pisu nabaria eta tradizio handia" du. "Gaur egun ibarreko enpresa esanguratsuenak, edo langile asko dituztenak, hainbat ekonomia sozialekoak dira". Laneko, Sakana Group, Lacunza Kalor, Aldakin... "Langileen parte hartzea duten hainbat enpresekin batera, ildo berri bat zabaltzen ari da azken aldian. Hainbat kooperatiba txiki sortzen ari dira ibarreko beharrei erantzuteko, esaterako: Kalaska kooperatiba, Etxarri Aranazko hiltegia kudeatzen duena eta ibarreko ekoizleei zerbitzua ematen diena; Bakaikuarrok kooperatiba, Bakaikun denda zabaldu duena, edo koopertiba forma duen energia komunitateak".