Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Felipe Rinaldi fundazioak eta Sakana Harrera Haranak giza eskubideei buruzko zikloa antolatu dute. Horretan Irañeta, Uharte, Etxarri eta Olatzagutiko udalen, Zaska eta gobernuaren laguntza izan dute.
Zer dira giza eskubideak?
Begoña. Munduko pertsonak berdintzen gaituzten edo berdin egin beharko gintuzkeen babesa edo aterkia lirateke. Duintzen gaituenak, edo duindu beharko gintuzketenak. Unibertsalak dira. Urra ezinak izan beharko lukete eta urraketak dauden momentutik aldarrikatu behar direnak. Ez dira negoziatzen, beti defendatu egin behar dira.
Giza eskubideak aldarrikatu beharra dago?
B. Noski. Hemen eta munduan. Munduko hainbat txokotako biztanleak hona bizitzera etorri direnez, eta etorriko direnez, inongo zalantzarik gabe, mundu berdintsuago, justuxeago, elkarbizitza duinagoa baten alde ari bagara lanean, ezinbestekoa da giza eskubide guztiak defendatzea.
Zergatik zikloa?
B. Olatzagutian Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna (abenduak 10) dela eta elkartasun azoka bat antolatzen da abenduan duela urte dezente. Batzuk egun hori ospatzeko dela diote. Anitzartean Zerbitzuan uste dugu ospatzeko gutxi dagoela eta aldarrikatzeko asko. Hori eta zerbitzuak haietako zenbat eskubide lantzen dituen ikusita, eta jasotzen ditugun proposamenei erantzuna eman nahian, egoki jo genuen udazken akaberan zikloa antolatzea.
Labur bada ere, aletu zikloa.
B. Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketako sari banaketarekin hasi zen Irañetan. Azaroaren 20an abiarazi nahi izan genuen, egun hori Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna baita. Pantxika Lamourrek gidatu zuen. Zikloan zehar hiru elkartasun azoka izanen dira Uharte Arakilen (azaroak 30), Etxarri Aranatzen (abenduak 21, 12:00etan) eta Olatzagutian (abenduak 14, 12:00etan). Emaitza onak izan zituzten eta antolatzaileek berriz egitea eskatu zuten. Eta elkartasunaren bidez, jendeak egoera onean dauden gauzak modu duin batean jasotzeko ere. Etekina gizarte erakunde batera bideratuko da, haien bizimodua errazteko. Yolanda Beltza Igoak antolatu duen giza eskubideei buruzko erakusketa Etxarri Aranazko liburutegian ikusgai izanen da (abenduaren 4tik ilbeltzaren 5era arte). Eta toki berean ipuin kontalari bat izanen da (abenduak 17, 17:30ean).
Aurten bigarren aldiz antolatuko da azoka Etxarrin.
Naroa. Lehenengoa oso arrakastatsua izan zen eta antolatzaileok erabaki genuen gabonetarako beste bat egitea. Gabonak kontsumismo garaia ere badira eta horrekin lotu dugu. Herrian premia dagoela ikusten dugu. Eta etxean erabili ez eta egoera onean dauden gauza horiei bigarren bizi bat emateko baliatu nahi genuen. Horretarako aukera bat izan daiteke azoka.
Azokarako gauzak eman nahi dutenek, zer?
N. Hiru herritan gauzak jasotzeko egun jakin batzuk egonen dira. Egoera onean dauden gauza guztiak ongi etorriak dira, eta gustura asko jasoko ditugu. Datak jakiteko hiru herrietako udalen eta Anitzarteanen sare sozialetara egotea eskatzen diegu sakandarrei.
Giza eskubideak nola erakuts daitezke?
Yolanda. Erakusketa giza eskubideei buruzkoa da, baina baita nazioarteko elkartasuneko erakusketa bat ere. Iruditzen zaigulako munduko edozein lekutan edozein pertsonak giza eskubide baten eraso bat jasaten badu, munduko gizarte guztiaren kontrako eraso bat dela. Erakusketan giza eskubide bakoitzak panel bat du. Hartan Nazio Batuen Erakundeak giza eskubide horrendako onartuta daukaten testua dago. Horrekin batera, giza eskubide horren urraketa baten adibide bat dago. Beraz, erakusketa giza eskubideen aldarrikapen bat da, zer izan beharko lukeen islatzearekin batera, errealitatean betetzen ez dena ageri baita.
Panel asko al ditu erakusketak?
Y. Giza eskubideak, berez, 30 dira. Asko ezezagunak, edo guk normaltzat hartzen ditugunak. Baina esan beharra dago guretako normala dena, edo normal bizi duguna, lurralde askotan errespetatzen ez den eskubidea dela. Horregatik garrantzitsua da 30 eskubideak agertzea, eta ikustea leku askotan ez direla betetzen.
Erakusketa beste herri batzuetara mugituko al duzue?
Y. Erakusketa Etxarri Aranazko liburutegian mustuko dugu. Baina ondoren ahal den herri gehienetara eramateko asmoa dugu.
Giza eskubideak ere kontatuko dira.
Y. Etxarri Aranazko Udalak antolatzen du. Askatasunaren doinua izenburua du. Gai nagusia da Palestinan bizi duten genozidioa da eta hura haurrei azalduko diete haurrean ikuspegitik. Horretarako musika eta artea erabiliko da. Emanaldiaren bidez haurren artean kultura aniztasuna eta elkartasunaren balioa aitortuko da.
Zergatik parte hartu behar dute sakandarrek zikloan?
B. Gizaki baten eskubide bat urratzen denean, beste gizaki guztiendako kolokan jartzen da. Giza eskubideen urraketen aurrean ezin dugu lasaitu, aldarrikapenari eutsi behar diogu. Eta Sakanak erakutsi du elkartasunezkoa izaten ere badakiela.
N. Argi utzi du zer garrantzia eman behar zaion giza eskubide horiei. Eta aurrera tinko jarraitu behar dugu indarrarekin horretan lan egiten.
Y. Parte hartzen duen jende guztia elkartasunetik parte hartzera gonbidatuko nuke. Denok dauzkagulako eskubide horiek eta denok egon beharko dugulako elkarrekin eskubide horiek defendatzen.