Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko taldea denboraldian guztiz murgilduta dago. Oinarrizko mailan, Nagore Erdozia eta Naroa Diaz azaroaren 28tik 30era Madrilen jokatuko den Espainiako Gimnasia Erritmikoko proba prestatzen ari dira buru belarri. Bi gimnastak junior mailakoak dira eta aurten zinta aparatua lantzea dagokie.
Espainiako Kopan aritu ahal izateko txartela lortzeko bidean, aurretik lan ederra egin dute Nagore Erdoziak eta Naroa Diazek. Hasteko, ariketak eta koreografiak prestatu zituzten. Aparatu guztiek badute berea, baina zinta oso berezia da. Ariketa guztian zinta mugimenduan egon behar da, ezin du lurra ukitu. Horrek, jakina, arreta berezia eta mugimenduetan koordinazio handia eskatzen du.
Txapelketa ugari
Behin ariketak eta koreografiak prestatuta, txapelketetan murgildu ziren Nagore Erdozia eta Naroa Diaz. Urriaren 4tik hona ia astebururo zenbait lehiaketetan parte hartu dute. "Lehiaketa hauek oso garrantzitsuak dira gure prestakuntzarako, ariketak hobetzeko, zuzendu beharrekoa zuzendu eta esperientzia irabazteko balio baitute" dio Iskiza Sakanako arduradun eta irakasle Olaia Agirrek.
Besteak beste, ondoko lehiaketetan aritu dira: Arabako federazioak Gasteizen antolatutako Txapelketan, Gernikako Xixili Torneoan, Anaitasunan jokatutako Nafarroako Komunitate sarian, Barakaldon jokatutako Izarrak Winter Cup-en eta Gasteizko Beti Ritmica Torneoan. Asteburuan Uteboko Udala Torneoan parte hartu zuten. Jokatuko duten hurrengo proba Espainiako Kopa izango da, Madrilen. "Gure txanda, Nagorerena eta Naroarena, azaroaren 29an izango da".

Olaia Agirre: "Nafarroako Kirol Jokoetan gure 32 gimnasta ariko dira. Erronka handia da, baina motibatuta gaude"
Nafarroako Txapelketa
Urriaren 19an Barañaingo Lagunak-en jokatutako Nafarroako Txapelketan banatu ziren Espainiako Kopako txartelak. Kategoria bakoitzeko bost gimnasta sailkatzen ziren. Nagore Erdozia ikusgarri aritu zen eta jubenil mailan, zintarekin lehengoa izan zen, Nafarroako txapelduna.
Tamalez, Naroa Diazek ezin izan zuen parte hartu, une hartan lesio bat izan zuelako. Hala ere, Espainiako Koparako txartela lortu du. "Jubeniletan bost partaide zeudenez eta bere baja justifikatua zegoenez, sailkapena onartu zioten. Bost partaide baino gehiago egonez gero ez luke Koparako sailkapena lortuko, baina bost zirenez bosgarren sailkatua bezala sartu da Espainiako Kopara" azaldu du Olaia Agirrek. Nagore eta Naroa kopa mimo handiz prestatzen ari dira eta buru belarri daude horretan.

NKJ-etan inoiz baino gehiago
Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartuko duten 32 gimnasta dituzte aurten Iskiza Sakanan. Sei taldetan banatuta daude, lau talde laugarren mailan eta bi talde hirugarren mailan. "Ez dut gogoratzen inoiz 32 gimnasta aurkeztu izanik Nafarroako Kirol Jokoetan; inoiz baino talde gehiago aurkeztuko ditugula esango nuke. Erronka handia da, baina oso motibatuta gaude proiektu honekin" nabarmendu du Agirrek, itxaropentsu. Eskola mailan guztira 58 gimnasta dituztela gaineratu du Iskizako arduradunak. 31 Altsasuko eskolan trebatzen dira, eta 27 Arbizukoan.
Gabonetako erakustaldira begira
Eskolako taldeak Gabonetako erakustaldia prestatzen murgilduta daude. Haiekin batera NKJ-etan eta oinarrizko mailan aritzen diren gimnastak ariko dira jaialdian, Iskiza Sakanako gimnasta guztiak. Abenduaren 20an izango da, goizez, eta ilusio handiz prestatzen duten erakustaldia izaten da, "oso polita".