Finalaurreko guztiak jokatuta, erabaki da azaroaren 29an, Nafarroako Arenako finalean zein bertsolarik kantatuko duten. Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Joanes Illarregiz gain, beste bost bertsolarik osatuko dute zortzikotea: Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena. Txapelketa Nafarroako lur berde, hori eta gorriak zeharkatu ditu, eta azken geltokia azaroaren 29an izanen da, Iruñean, 17:00etan hasita. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian salgai daude.
Tafalla
Hirugarren eta azken Finalaurrekoa Tafallako kultur gunean jokatu zen ia 300 lagunen artean. Bertan aritu zen Ekain Alegre altsasuarra, ez duela finalera pasatzeko puntuazio nahikorik lortu, eta saioaren ondoren "pixka bat penatuta" dagoela aitortu du GUAIXE IRRATIAn bertsolariak: "Saioan egin nezakeena eta egin nuena alderatuta uste dut nire mailatik nahiko urrun egon nintzela, batez ere hasierako bertsoak, zortziko handian". Ondoren buelta ematea lortu zuela uste du, "eta nahiko ongi egotea edo behintzat nire mailatik nahiko gertu".
Ongi egin zituenak ongi egin zituela, baina gaizki egindakoak "nahiko gaizki" egin zituela esan du, "eta txapelketan ezin da barkatu eta ez da bakartzen; eta hori izan zen emaitza". 425 punturekin saioan azkena sailkatu zen, Joanes Illarregi (528), Xabat Illarregi (516), Josu Sanjurjo (486), Xabi Maia (466) eta Amaia Elizagoien (427) bertsolarien atzetik. Hala ere, emaitzarengatik baino "sentsazioengatik" dago haserre, triste edo amorru pixka batekin: "Ez nuen saioan zehar asko gozatu hasiera horrek lastratu ninduelako, baina egia da ongi egin nituen gauza batzuk nahiko kuestionableak direla, batez ere hamarreko txikiarekin nahiko eroso egon nintzen". Saioak eta txapelketak horrelakoak direla gaineratu du bertsolariak.
Txapelketan "tarteka ongi" egon dela esan du Alegrek balorazioa eginda: "Batzuetan guztia frogatu ezinaren sentsazio horrekin geratu naiz azkenengo saio honetan, baina beti ezin da". Gauzak ateratzen ez direnean saioak aurrera eramaten ere jakin behar dela gaineratu du: "Agian hurrengoei begira puntu hori falta zait". Finalak "itxura ona" duela eta kartelarekin "oso pozik" dago: "Eki eta Ekhiñe sartu dira eta aurrekoei batuta nahiko saio polita eta final gustugarria entzuteko izango da. Gainera, Eneko Sakanatik dago ere". Finala entzuten egongo da.
Finala
Azaroaren 29an, larunbata, 17:00etan, jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren final handia, Nafarroa Arenan. Lehen aldia da finala Nafarroa Arenan jokatuko dena.
Eneko Lazkoz, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena bertsolariak izanen dira oholtzaren gainean kantari, eta Ainhoa Larretxea Agirrek eta Ander Aranburu Arriolak jarritako gaiei kantatu beharko diete: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian. Buruz burukoan bederatzi bertso puntuagarri egin beharko dituzte, binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte, eta binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean. Ganbarako lana banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian izanen da.
Ariketa horiek guztiak eginda, epaileen puntuazioak jasota, jakingo da nor den 2025eko Nafarroako txapelduna.