Guaixek bi lan finalisten aitortza jaso zuen Tokikom Sarietan

Guaixe 2025eko azaroaren 24a

Tokikom Sarietako finalistak.

Maider Betelu Ganboak eta Erkuden Ruiz Barrosok jaso zituzten aitortzak. Sariak banatuta, adimen artifiziala kazetaritzan eta komunikazioan eragiten ari den aldaketez hausnartu zen jardunaldian.

Euskarazko toki hedabideen elkarteak, Tokikomek, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako
Campusean Tokikom Sariak banatu zituen ostiralean, azaroaren 21ean. Bederatzigarren edizioa izan zen. Han elkartu ziren tokiko hedabideetako ordezkariak eta baita erakunde publikoetakoak ere, esaterako, Eusko Jaurlaritzako Aitor Aldasoro eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietako, Garbiñe Mendizabal, Isaac Amezaga eta Joseba K. Perez ordezkariak. Euskarabideako Jabier Arakamak elurragatik ezin izan zuen ekitaldira iritsi. 

Tokikom Sariei dagokionez, guztira lau sari banatu zituzten Goiatz Arana kazetariak aurkeztutako saioan. Guaixe bi mailetan hiru finalistetako bat zen: azalik onena eta ikus-entzunezko onena. Guaixek ez zuen saririk jaso, baina bai finalista izatearen aitortza. Horiek Maider Betelu Ganboak eta Erkuden Ruiz Barroso kazetariek jaso zuten. Aretxabaletako topaketa, gainera, adimen artifiziala kazetaritzan eragiten ari den aldaketez hausnartzeko balio izan zuen. Horren inguruko hainbat gako eman zituen RTVEko Urbano Garciak. 


Tokikomeko kideen talde argazkia. 

Sarituak

Azalik onena, Puntuarentzat
Azalik onena saria Goienaren Puntua astekariarentzat izan da, Keinu hizkuntza izenburudun azalarengatik. Epaimahaiak Puntua-ren azala saritu du “oso modu bisual eta indartsuan erakusten duelako gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna. Horretarako, normalean euskararentzako aldarrikatzen den ofizialtasuna beste hizkuntza baterako planteatzen digu”. Gaineratu dute ideia eta irudia oso iradokitzaileak direla eta zer pentsatua ematen duela.

Edukirik onena, Aiaraldearentzat
Edukirik onenaren saria, berriz, Aiaraldearentzat izan da, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Suizidioaren gaia da erreportaje horren funtsa, eta, epaimahaiaren arabera, “lan mamitsu hori kazetariaren esperientziatik abiatzen da erreporterismoa lantzeko modu aberasgarria aplikatzeko”. 90eko hamarkada amaierako kasu erreal batetik tiraka, gertakaria bizi izan zuten inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastetxeen eta adituen adierazpenak uztartzen ditu erreportajeak, “ibilbide interesgarri eta erakargarria osatuz esperientzia pertsonaletik suizidioaren errealitate orokorrera”.

Ikus-entzunezko onena, Antxeta Irratiarentzat
Ikus-entzunezko onenaren saria Antxeta Irratiarentzat izan da. Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik. Hala, “jende askorentzat eguneroko arazoa den eta gehienontzat ezustean pasatzen den bazterketa mota bat argitara ateratzeko ahalegina” saritu du epaimahaiak. Nabarmendu du baita ere “elkarrizketatzailearen lan bikaina”, berez oso gordinak diren bizipenak dramatismoan jausi gabe eta patxadaz adierazi dituelako, egoera biolentoak direnak lasaitasun giroan transmitituz, enpatia bilatuz eta gertutasunetik.

Aipamen berezia Goienaren ‘Podcast Gela’-ri
Bestetik, TOKIKOM Sariek aipamen bereziarekin nabarmendu dute Goienaren Podcast gela. Komunitatearen eskura ipini du Goienak gela berria, eta epaimahaiak nabarmendu du “parte hartzea eta herri mailako sareak ehuntzeko ekimena”. Azaldu dute Podcast gelak komunitateari ahotsa eman diola, eta parte hartze zuzena bultzatu duela inguruko erakundeen, elkarteen eta eragileen artean, hedabidera hurbildu eta bertan inplikatu daitezen. “Gai eta forma aldetik ere aniztasunaren aldeko apustu ausarta egin du: audio- eta bideo-podcastak, zinemaz, historiaz, kulturartekotasunaz, politika, mugimendu sozialak, musika, literatura...”.