Binakako Txapelketa ikusmin handiarekin hasi da. Azaroaren 21ean, Beasainen, Elordik eta Zabaletak Zabala eta Martija izan zituzten arerio. Hasieran parez pare aritu ziren bi bikoteak, baina gutxika Zabaleta nagusitzen hasi zen atzeko koadroetan, hura dominatzera pasatu arte. Martijak, nahi gabe, aukera handiak eman zizkion errematean oso fin aritu zen Elordiri. Horrela, gorriak errenta hartzen hasi ziren, urdinek zenbait akats egin zituzten eta, azkenean, Elordi eta Zabaleta gailendu ziren, 22-13, txapelketako lehen puntua lortuz.
Altunak eta Ezkurdiak Etxeberria eta Rezusta izan zituzten aurkari Logroñoko Adarragan. Ezkurdia atzelari nola moldatuko zen, Altunaren laguntzaz, eta Lau eta Erdia irabazi berritan zeruan ibiliko zen Peio Etxeberriaren eta Rezusta ziurraren jokoa nola izango ziren, horiek ziren zalantza handienak. Baina Altunak eta Ezkurdiak hasieratik ez zieten inolako aukerarik eman. Ezkurdiak aurreratua jokatu zuen, bostean, oso sendo, eta Altuna ikaragarri batekin 16-0 aurreratu ziren, ia konturatu gabe eta sekulako kimika erakutsiz. Partidak iraun zuen 42 minutuetan 400 pilotakada gurutzatu ziren. Altunak erremate ikusgarriak egin zituen, 12 tanto egin zituen jokoan eta beste hiru sakez. Ikaragarri. Eta Ezkurdia ikusgarri aritu zen, boleaz ikaragarri jokatuz. Etxeberriak eta Rezustak ez zuten bere eguna izan, eta gorriak euren gainetik pasa ziren. Altuna-Ezkurdiak 22-5 irabazi zuten, lezio ederra emanda eta lehen puntua lortuaz.
Gainontzeko partidei dagokienez, Jakak eta Iztuetak 22-21 hartu zituzten mendean 15-4 galtzen hasi eta partida erremontatzear izan ziren Larrazabal-Mariezkurrenari. Lehen jardunaldiko azken partida gaur jokatuko da, Tolosako Beotibarren, Artola-Imazen eta Laso-Albisuren artekoa.
Bigarren jardunaldia
Bigarren jardunaldian Zabala-Martijak P. Etxeberria-Rezusta izango dituzte aurkari azaroaren 28an Basaurin. Bi bikoak galtzetik datoz, jokoan dagoen puntua lortzeko prest. Artola-Imaz Larrazabal-Mariezkurrenaren kontra ariko dira azaroaren 29an Oiartzunen, eta Jaka-Iztuetak Laso-Albisuren kontra jokatuko dute egun berean, Lizarran. Azkenik, Altuna III.a-Ezkurdiak eta Elordi-Zabaletak azaroaren 30ean jokatuko dute Eibarren. Bi bikoak irabaztetik datoz, bigarren puntua lortzeko desiotan. Ezkurdiak Zabaleta du aurrez aurre atzeko koadroetan, eta ikusmina handia da.