azaroak 25

Toki erakundeek emakumeen kontrako indarkeria digitala salatu dute

Guaixe 2025eko azaroaren 25a

Adierazpena sinatu duten toki erakundeetako ordezkariak. NUKF

Emakumeen kontrako indarkeria matxista mota guztiak gaitzesteko. Indarkeriarik gabeko mundu bat aldarrikatu dute, non emakumeak eta neskak beldurrik gabe, askatasunez eta eskubideen berme osoz bizi daitezkeen.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako 149 toki-erakundek emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako adierazpen bat onartu dute. Horien artean Sakanako hamar erakunde daude: Arakil, Irurtzun, Irañeta, Arruazu, Ergoiena, Arbizu, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Sakanako Mankomunitatea. 

Aurten nesken eta emakumeen kontrako indarkeria digitalari erreparatu diote toki erakundeek. Indarkeria matxista digitalak baditu ondorio errealak leloa du. "Interneten eta ingurune digitaletan gertatzen denak ondorio sakon, ukigarri eta mingarriak dituela eta ezin dela alde batera utzi", adierazi dute. "Indarkeria matxista aldatu egiten da eta garaietara egokitzen da, baina gure aldarrikapenak eta gaitzespenak ukiezinak izaten jarraitzen dute", gaineratu dute. 

Bide batez, toki erakundeek azaroak 25ean, gizarte osoa gonbidatzen dute "rol aktiboa har dezan ingurune digital, benetan aske, berdintasunezko eta segurua eraikitzeko. Konpromiso kolektiboaren bidez bakarrik lortu ahal izango dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea". 

Konpromisoak 
Adierazpena sinatu duten toki erakundeen zazpi konpromiso hartu dituzte. Aurrena da, emakumeen kontrako indarkeria digitala indarkeria matxista gisa onartzea. Hurrena da toki erakundeetan lan egiten duten profesionalen prestakuntza indartzea indarkeria digitaleko kasuak goiz eta eraginkortasunez antzeman eta jardun ahal izan dezaten. Horrekin batera, herritarrei, bereziki gazteei eta nerabeei, zuzendutako sentsibilizazio eta prestakuntza kanpainak sustatuko dituzte, teknologien erabilera arduratsu eta seguruari buruz, genero ikuspegitik.

Toki erakundeek indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeko espazio digitalak sustatuko dituzte, ikastetxeekin, komunikabideekin eta herri eragileekin elkarlanean. Aldi berean, indarkeria digitalaren biktima diren emakumeen arretarako baliabide eta protokolo espezifikoak bultzatuko dituzte. Gainera, beste erakunde, sare, elkarte eta mugimendu feminista batzuekin lankidetzan
aritzeko konpromisoa hartu dute, "indarkeria matxista digitala desagerrarazteko bidean modu koordinatuan aurrera egiteko". Azkenik, "indarkeria matxista digitalaren prebentzioa, detekzioa, arreta eta erreparazioa sustatzen duten tokiko politika publikoak ezartzeko konpromisoa bere egin dute.

Argudioak
Toki erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, "gaur egun, ez dago indarkeria digitalaren definizio unibertsal bakar eta uniformerik. Eboluzioan dagoen kontzeptu bat da, teknologia berrien, ingurune digitalen, sare sozialen edo Interneten bidez eragindako indarkeria matxistako jokabideak biltzen dituena". Gogorarazi dutenez, "Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Itunak indarkeria digitala eraso modu lehenetsitzat hartu du berriki, eta neurri espezifikoak hartu ditu indarkeria prebenitzeko, detektatzeko eta zigortzeko".

Kontzeju, udal eta mankomunitateetako kideek esan dutenez, "askatasuna, osotasun fisikoa eta morala, berdintasuna eta duintasuna bezalako oinarrizko eskubideak urratzeaz aparte, indarkeria mota hori harago doa eta emakume gazteei eta espazio publikoan parte hartzen dutenei eragiten die bereziki" Ohartarazi dutenez, era askotara agertzen da: ziberjazarpena eta gorroto diskurtsoak, bikotearen kontrol digitala, onartu gabeko sextinga, groominga, sextorsioa, deepfakea bidezko irudien manipulazioa edo "mendeku pornografia" delakoa.

Interneten eta ingurune digitaletan izaten diren erasoen "inpaktuak sakonak eta errealak dira: antsietatea, depresioa, isolamendua, autozentsura eta espazio digitalak uztea. Indarkeria honek emakume gazteen ahotsak isiltzen ditu eta esfera publikoan duten parte hartzea mugatzen du, genero desberdintasunak indartuz. Indarkeria birtualak ondorio nabariak ditu, milaka emakumeren osasunean, segurtasunean eta bizi aukeretan eragiten dutenak".

Ziurtatu dutenez, "datuak kezkagarriak dira eta arazoaren garrantzia berresten dute. NBEk adierazi du munduan emakumeen %73k baino gehiagok jasan duela indarkeria Interneten, eta 18 eta 24 urte bitarteko neska gazteek jazarpen, sexu jazarpen eta mehatxu fisikoak jasateko arrisku handia dutela. Europar Batasuneko 28 herrialdeetan, bederatzi milioi emakumek jasan dute lineako indarkeria 15 urte zituztenetik. Gainera, bostetik bat online jazarpena eta abusua zigortzeko aukera gutxi duten herrialdeetan bizi da. Era berean, indarkeria digitalaren biktima izan direnen % 28k Interneteko jarduera nahita murriztea erabaki dute, eta sexu edukia duten irudi intimoak baimenik gabe zabaltzen dituzten biktimen %90 emakumeak dira.