Txirrindularitza

Iniestaren NSN enpresak eta Stoneweg-ek Israel Premier Tech taldearen lizentzia eta egitura erosi dute

Guaixe 2025eko azaroaren 25a

Vueltako Bilboko protestak.

Oscar Guerrero zuzendari altsasuarra 2025eko taldearen egituran dagoenez, bertan jarraitzea litekeena da 

Israel Premier Tech taldeak izen eta nagusi berriak izango ditu aurrerantzean. Andres Iniesta Bartzelonako futbolari ohiak Joel Borràsekin batera sortutako Never Say Never (NSN) enpresak Israel Premier Tech taldearen lizentzia eta egitura erosi ditu Suitzako Stoneweg inbertsio plataformarekin batera. Aurrerantzean taldea NSN Cycling Team deituko da, 2026 urtetik aurrera, lizentziaren bandera Suitzakoa izango da, nahiz eta taldearen egitura eta egoitza nagusia Bartzelonan eta Gironan egon. 

NSN eta Stoneweg-ek taldearen egitura osoa bereganatu dute, txirrindulariak eta 170 langile inguru, staff osoa. Tartean dago Oscar Guerrero zuzendari altsasuarra. UCI Rankingean hamahirugarren da taldea, eta, beraz, 2028ra arte UCI World Tour mailako probatan parte hartuko du, Tourrean, Giroan eta Vueltan tartean. 

Vueltaren protesten eragina
Espainiako Vueltan protesta handiak egon ziren Israel Premier Tech taldearen parte hartzearen kontra. Bilboko etapa 8 km lehenago bukatutzat jo zuen antolakuntzak eta hurrengo etapetan protestek jarraitu zuten. Madrileko azken etapa ezin izan zen bukatu, milaka pertsonen protesta zela eta. Irudiek munduari buelta eman zioten, Isreal Premier Tech-en hornitzaileak eta babesleak atzera egiten hasi ziren. 

Vueltako Bilboko protesten ondoren Guerrero berak hartu zuen hitza taldeak ez zuela Vuelta utziko adierazteko. Langile hutsak zirela, Gazan gertatzen ari dena eta kirola banatu behar direla, eta protestak zirela eta, ezinegona azaldu zuen. Bere etxean pintaketak egin zizkioten, eta Vuelta bukatu baino lehen lasterketa utzi zuen.