Futbola

Etxarrik irabazten jarraitzen du, eta Lagun Artea erori zen

Guaixe 2025eko azaroaren 25a

Derbia Itxesalden jokatuko da.

Gizonen erregional mailako bederatzigarren jardunaldiak hiru puntu utzi ditu Sakanan. Hurrengo jardunaldian derbia jokatuko da, Lakuntzan

Erregional mailako bosgarren multzoan bederatzigarren jardunaldia jokatu zen. Etxarri Aranatz liderrak Lekunberrin jokatu zuen Beti Kozkor B taldearen kontra. Hasieran paretsu hasi ziren bi taldeak. Jon Erdoziak Etxarri aurreratu zuen, baina Lekunberrik berehala berdindu zuen. Aimar Ijurrak Etxarri 1-2 aurreratzea lortu zuen atsedenaldira joan baino lehen eta horrek abantaila eman zien etxarriarrei. Gainera, bigarren zatian aldea zabaldu zuen Etxarrik. Pello Altzelaik hirugarrena sartu zuen eta Jon Erdoziak laugarrena. Beti Kozkor 2-4 gerturatu zen, baina Etxarrik ekinean jarraitu zuen eta Oinatz Carreñok bosgarrena sartu zuen 86. minutuan. 2-5 irabazita, bidetik atera gabe jarraitzen du Etxarri Aranatz liderrak. 

Lagun Arteak Beloso taldea hartu zuen azaroaren 23an Itxesalden. 16. minutuan Beloso aurreratu zen, eta naiz eta lakuntzarrak saiatu, lehen zatian ez zioten buelta eman. Bigarren zatia hasi eta berehala bigarren gola sartu zuen Belosok. Erremontatzen saiatu zen Lagun Artea, baina ezin. Partida bukaeran, 89. minutuan eta luzapenean beste bi gol jaso zituzten lakuntzarrek eta 0-4 galdu zuten ahazteko moduko partidan. 

Derbia, Itxesalden
Etxarri Aranatzek lider jarraitzen du (21 puntu), Kirol Sporten aurretik (20 puntu). Lagun Artea seigarren da (12 puntu). Erregional mailako bi talde sakandarrek derbia jokatuko dute. Martxoaren 30ean izango da, igandea, 16:00etan, Itxesalden, Zelai Berrin eta San Donaton zelai artifizialak jartzeko lanak martxan daudelako. Etxarrik lidergoa sendotzen jarraitu nahi du, eta Lagun Arteak hiru puntuak lortu.