Gizonen lehen senior mailan Arbizu Kirol Taldeak Vulcanizados Ruizen kontra jokatu zuen Tafallan. Etxeko taldea aurreratu zen, baina Axio Imazek eta Julen Luisek 1-2 aurreratu zuten Arbizu. Tafallan bina berdindu zuen, baina Arbizuk ongi erantzun zuen eta Andoni Goikoetxeak eta Julen Luisek sartutako golei esker 2-4 irabazita itzuli ziren arbizuarrak.
Xotak Universidad de Navarra hartu zuen Atakondoan, eta atzera ere gol festa ederra ospatu zuten irurtzundarrek. Aimar Iraurgik (2), Juan Morenok eta Javier Larreak 4-1 aurreratu zuten Xota, eta atzetik Imad El Ougdi, Andres Felipe Cadena, Juan Moreno eta Oinat Glariaren golak iritsi ziren. 8-3 irabazita, pozik bukatu zuen Xotak.
Altsasuk Antsoainen jokatu zuen, Gazte Berriak taldearen kontra. Partidak kolore bakarra izan zuen, Gazte Berriak-en berdea, hasieratik bukaerara nagusi izan baitziren. 9-0 gailendu zen Antsoaingo taldea.
Zubiriko Ibarartek jarraitzen du lider (25 puntu) Gazte Berriak-en aurretik (24 puntu). Arbizu hirugarren da (19 puntu), Xota laugarren (18 puntu) eta Altsasu hamabigarren, punturik gabe. Hamargarren jardunaldian Arbizuk Olite hartuko du azaroaren 28an, 19:30ean, Arbizun. Xotak Anaitasunaren kontra jokatuko du azaroaren 30ean, 13:00etan, Anaitasunan, eta Altsasuk Vulcanizados Ruiz hartuko du azaroaren 29an, kiroldegian.